Areskoren II. Emakume Martxa, martxoaren 12an izango da

Imanol Beloki Unamuno 2017ko urt. 19a, 11:30
Iaz, Areskoren Emakume Martxan Aretxabaletatik Eskoriatzara sartu berri. goiena

Aresko emakumeen saskibaloi taldeak antolatuta, bigarren aldiz Emakume Martxa egingo da, martxoaren 12an. Aurten, Eskoriatzan hasi eta Aretxabaletan amaituko da.

Emakumea eta kirola indartzeko eta ezagutarazteko asmoz egindako martxaren lehen edizioak arrakasta handia izan zuen; izan ere, 400 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte ekimenean. Gehienek elastiko larrosak zituzten soinean, eta aurten ere atera dituzte egunerako propio egin dituzten kamisetak.
Lander Goikoetxea Aresko Saskibaloi Taldeko koordinatzaileak hauxe esan du: "Emakumea eta kirola sustatu nahi ditugu ekimen honen bidez; izan ere, Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna da, eta horren harira antolatu dugu aurten ere martxa. Bestalde, eguneko gastuei aurre egiteko, betaurrekoak eta kamisetak salduko ditugu…".

Betaurreko salmenta

Antolatzaileek Emakumeen Martxarako betaurreko eta kamisetak salduko dituzte otsailaren 4an, Herriko Plazan, martxoaren 12rako gastuei aurre egiteko. Bertsolariak, dantzariak, speaker-a, DJa, omenaldia egingo zaienei plakak erosteko, lasterketako asegurua… hori guztia ordaintzeko izango da. "Kinttaden Eguna egun aproposa da salmenta egiteko; izan ere, jende asko izaten da kalean. 17:30 inguruan, Eskolote saltzen dugun gunean izango gara –Zarauztarra taberna zenaren atarian–. Dena den, aldez aurretik betaurreko kopuruaren eskaera egin beharko da, aresko.eskoriatza@gmail.com helbidera idatzita". Otsailaren 4ean, giroa berotzeko, 11:30etan, txistorra eta sagardoa edateko aukera izango da Herriko Plazan, Eskoriatza Kirol Elkartearen eskutik.

Hala, Kinttaden Eguna izanda aprobetxatuz, aldez aurretik kintadaka eskatzea gura genuke, martxoaren 12an jende kopuru handia batzeko eta denok martxara bertaratzeko".

Oraindik zehazten ari dira martxaren nondik norakoak, baina, iaz bezala, hainbat ekintza izango dira martxaz gain, eta berrikuntza batzuk ere jarri nahi dituzte, iazko ekimena baino arrakastatsuagoa izateko.

Ekintza ugari martxaz gain

11:00etan, omenaldia egingo zaie Udalak zehaztuko dituen bi herritarri; horren ondoren, bertsolariak, dantzariak… izango dira eta 12:00 aldera hasiko da martxa Eskoriatzako Herriko Plazatik Aretxabaletaraino. "Antolaketa hasi berri dugu, baina aurten, martxaz gain, lasterketa ere egin nahi dugu, iazko ekintzez gain. Trikitilariak ere martxa egitera eramango ditugu bidean zehar musika eta giroa jarri dezaten…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak