Foru Aldundiak eta Udalek herritarren partaidetza elkarlanean bultzatuko dute

Josu Bilbao Atxutegi 2017ko urt. 17a, 13:36

"Euskadi eta estatu mailan aitzindaria izango den erakundeen arteko gune bat" sortzea onartu du Gobernu Kontseiluak, baliabideak eta jardunbide egokiak partekatzeko xedez.

Gipuzkoan Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Gunea abian jartzeko dekretua onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Udal guztiek eta foru erakundeak gune hori osatzea aurreikusten dute, "indarrak batuz, eta baita atxikitzeko nahia azaltzen duten beste toki erakunde guztiek ere". Helburu izango du "herritarren partaidetzarako politikak herri mailan sendotzea, baliabideak partekatuta, jardunbide egokiak eta arrakasta izan duten ereduak identifikatu eta konpartituta, eta sarea osatzen duten erakundeen artean aplikatuta".

Behin foru dekretua argitaratuta, udal bakoitzari dagokio atxikitzea, osoko bilkuran onartu ondoren. Imanol Lasa foru bozeramaileak azaldu duenez, "gune hori aitzindaria izango da Euskadi eta estatu mailan, eta lankidetzan, konfiantzan eta herritarrei zabaltzeko asmoan oinarritutako gobernantza eredu baten alde Gipuzkoak egin duen apustuaren” barruan kokatzen da.

Lasak azpimarratutakoaren arabera, "indar politiko guztien babesarekin jaio da ekimena, eta organo berriaren osaketa zein horren egiteak haiekin adosteko lanketa egin da, ekarpenak eta iradokizunak kontuan hartuz". Asmo horrekin, joan den azaroan, topaketa egin zen 47 udaletako ordezkari politiko eta teknikoekin: “Eskertu egin nahi dut erakutsi duten prestutasuna. Gai izan behar dugu denon artean herritarren partaidetza alderdikerietatik kanpo uzteko. Uste dut bide onetik goazela”, esan du.

Guneak modu autonomo eta independentean funtzionatuko du eta eskumen garrantzitsuak izango ditu -aurrekontuen ondorioetarako bakarrik atxikiko zaio Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuari-. "Tokiko erakundeetarako diru laguntzak zehaztuko ditu, lehentasunezko ekintza motak identifikatuta; herritarren partaidetzarako programa zehatzak bultzatuko ditu; hainbat programa diseinatu eta sustatuko ditu, prestakuntza, jardunaldi, topaketa, foro, mintegi eta tailerrak gauzatzera zuzenduta; eta gida metodologikoak jarriko ditu praktikan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak