2015eko irailean elkartu ziren Txus Martinez (Fiachras), abeslaria eta gitarrista, Aitor Aldanondo (Fiachras, Bizardunak, Brigada Criminal), baxu-jotzailea eta ahotsak, Guille Sanz (Bostenbor, Belceblues), bateria-jolea eta Fernando Laskurain (Mahaster River, Shut up Trio), gitarrista eta ahotsak, What A Band taldean.
Martinez country musikazale amorratua dela diote taldekoek. "Haren autoko pendrive-an mila bat country-kantu izango ditu. Etxean egindako hainbat abesti zituela esan zidan, baina ez zuela oso garbi zer forma eman: akustiko, talde... Hainbat lagun elkartu eta taldea sortu genuen", kontatu du Aitor Aldanondok.
Musika dibertigarria
Kantuek oinarrian country-rocka badute ere, askotariko iturrietatik edaten duten musikariak direnez, folk eta bestelako estiloen kutsua ere sumatzen zaie. "Denon artean egin genituen kantuen konponketak; beraz, kide guztien eragina dute. Hitzak Txusenak dira eta ingelesez idatzi ditu; ingeles filologoa da eta horrela atera zitzaizkion. Istorio pertsonalak kontatzen dituzte; maitasunari eta bestelako bizipenei buruzkoak, diskoa argitaratzean sortu dizkion zalantzak...".
Kantu berri gehiago sortzen
Kontzertu gutxi batzuk egiteko batu ziren arren, gustura daude izan duten harrerarekin; hori horrela, herrian eskaini dituzten emanaldiez gainera, beste hainbat ere lotzen ari dira. "Arrasatekoaren biharamunean, Azkoitiko Mataderoan izango gara. Oso gustura ari gara, oraindik ere zuzenekoetan errodajea egiten. Kantu berri pare bat ere baditugu dagoeneko".