Merkataritzaren liberalizazioaren kontra azaldu dira bailarako merkatariak ere

 Debagoiena BERRIAK

Debagioeneko merkatariek ere diote ordutegien eta merkealdien liberalizazioa kate handientzako soilik izango dela mesedegarria, eta liberalizazioa merkatari txiki eta ertainen kalterako izango dela ohartarazi dute.

Joan den abenduan Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen Eusko Jaurlaritzak merkataritzaren liberalizazioaren aurka jarritako helegitea eta berretsi egin zuen ordutegiak luzatzeko eta merkealdiak nahieran ezartzeko aukera.

Horrek, Espainiako Gobernuak 2012an onartutako dekretua betetzera behartzen ditu merkatariak. Eta batez ere hiru neurri hauetan eragingo die merkatariei: merkealdia urte osoan ezartzeko aukera izango lukete; denden ordutegia astean 72 ordutik 90 ordura igotzea ekarriko luke neurriak; eta 150 metro koadrotik gorako dendetako merkatariei zortzi jaiegunetan zabaltzeko aukera hamar egunetara luzatzea ahalbidetuko lieke.

Hori guztia kate handiendako bakarrik izango dela onuragarriak diote eta merkatari txiki eta ertainak kaltetuko lituzke, horixe azaldu dute Aretxabaletako eta Arrasateko merkatarien elkartekoek.
                  
Eta merkatarien iritzi horrekin bat egiten dute sindikatuek ere, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk. Hauxe azaldu du ELAko Ane Romeok: “Halako neurriak kate handiendako bakarrik izaten dira onuragarriak. Enpresa txiki eta ertainetan esfortzu handiagoa egin beharko dute eta horrek ez die etekin handiagorik ekarriko. Lan baldintzak prekarioagoak izango dira eta kontziliazioa ezinezkoa izango da eurendako. Kate handietan ez dituzte lanpostu gehiago sortuko eta dauzkaten langileei ordu gehiagotan lana egiteko eskaera egingo zaie edo ordu estrak sartzeko eskatu”.

Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak eta Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen elkarteak ere bat egin dute iritzi horrekin, eta liberalizazioaren aurka dagoen Euskaldendak merkatari elkarteak ere ideia bera babesten du. Debagoieneko merkatariek ere orain arteko ereduarekin jarraitzea nahi dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa