Erabilitako etxebizitzaren salneurrien gaineko 2016ko txostena kaleratu du higiezinen gaineko Idealista webguneak. EAE, Nafarroa eta Espainiako salneurriak aztertzen ditu, hainbat udalerri aintzat hartuta; Debagoienekoen artean, Arrasate eta Bergara.
2016 bukaeran, Arrasateko 2. eskuko etxebizitzaren metro koadroa 1.586 eurotan kotizatzen zen, eta Bergarakoa, 1.708 eurotan. Hori bai; Arrasateko etxebizitzek balioa irabazi zuten urteko azken hiruhilekoan; zehazki, %2,7. Bergarakoak, aldiz, debaluatu egin ziren: %3,9 egin zuten behera.
Gipuzkoan, 2016an, %2,8 debaluatu ziren bigarren eskuko etxebizitzak, eta laugarren hiruhilekoan %0,3 garestitu ziren. Euskadin, 2016an %2,4 galdu zuten, eta laugarren hiruhilekoan %0,3 handitu ziren salneurriak.
Donostian, 3.970 euro metro koadroa
Esan bezala, Idealistak kontuan hartzen ditu Hego Euskal Herriko eta Espainiako etxebizitzen datuak. Horren arabera, bere txostenean honako hau dio: “Donostia da hiriburu garestiena (3.970 euro/m2), eta jarraian datoz Bartzelona (3.934 euro/m2) eta Madril (2.921 euro/m2). Laugarren dator Bilbo, zeinaren prezioak urte arteko tasan jaitsi egin diren, bere metro koadroa 2.738 eurotan dagoen”.
Idealistak Espainiako hiriburuen artean kokatzen du Donostia ere, nabarmenduz iaz igoera handia izan zutela bertako etxebizitzen prezioek: %3,3. Hain zuzen, bere esanetan, igoera handiena izan duen 8. hiriburua da.