Errege Magoen desfilerako prestatzen

Txomin Madina Milikua 2017ko urt. 3a, 18:15

Bi egun besterik ez dira geratzen Errege Magoen bisita jasotzeko, eta urtero moduan, gauean opariak banatu aurretik desfilea egingo dute ostegun iluntzean Debagoieneko hainbat herritan. Arrasaten esaterako, desfilean dena ondo irten dadin azken prestaketa lanekin dabiltza.

Nafarroa etorbidean SUDC elkarteak duen lokalean burubelarri dabiltza lanean Arrasateko Errege Kabalgata Komisioko kideak eguenean irtengo den karrozari azken ukituak ematen. Iaz negua izan zen karrozaren gaia; aurtengoa bestalde, gozo gozo izango da, txokolatezko etxe bat irudikatuklo dute eta. "Teilatudun egitura aurretik ere bageneukan, eta hori aprobetxatuz egin dugu txokolatezko etxea. Azken finean Errege Magoak umeendako dira, eta horiengan inspiratu gara", dio karrozaren diseintzaile Toñi Davilak.

Gozokiak, gainera, ez dira karroza  gainean bakarrik egongo, Arrasateko desfilearen koordinatzaile den Angel Mari Garciak azaltzen duenez, 140 kilo gozoki baino gehiago banatuko baitituzte eguenean, eta sorpresarik egongo dela iragarri du.

140 lagunen parte-hartzea

Komisioko kideak iraila-urria inguruan hasi ziren prestaketa lanekin, eta denera 140 pertsona inguruk hartuko dute parte eguenean, 19:00etan Zerkaosteta kaletik irtengo den desfilean. "Errege Magoez eta beraien pajeez gain erromatarrak ere egongo dira, baita farolak eroaten dituztenak, Arrasate Musikaleko tronpetak, Sambamañako tanbor-jotzaileak, karrozaren arduradunak, suziri-eroaleak eta Arantza Uriartek zuzendutako abesbatza ere", dio Garciak.

Komisioko kideek diote boluntarioak beti izaten direla ongi etorriak, eta hala, desfilean lagundu gura dutenak 17:30etan agertu daitezke Iturriotz kalean dagoen abadetxera.

Desfilea herriko kaleetan izango den arren, Errega Magoek aurretik eta ostean ere izango dute lana, Angel Mari Garciak azaldu moduan: "Desfilearen aurretik Iturbide egoitzan banatuko dituzte opariak, eta desfilearen ostean, Debagoieneko Ospitalean".

Beste herrietan ere bai

Arrasate bakarrik ez, Debagoieneko beste hainbat herritan ere egongo dira Errege Magoak urtarrilaren 5ean. Bergaran, 19:00etan hasiko da desfilea Udal biltegitik, eta Oñatin, bigarren urtez Txandak antolatuta, 17:30etan irtengo dira Errege Magoak Kale Zaharretik. Aretxabaletan, 18:30etan abiatuko da desfilea Ibarra kiroldegitik, eta Eskoritzan, Manuel Muñoz kiroldegian da hitzordua, 18:00ak aldera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak