goiena.eus

Erraustegiaren obrak esleitu ditu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak

  Ingurumena  Debagoiena

Gipuzkoako Hondakinen Konsortzioko batzarrak, kontratazio mahaiak proposatuta, onartu du Gipuzkoako Ingurumen Gunearen (GIG-1) eraikuntza, kudeaketa eta ustiapena Urbaserrek eta LKS, Moyua eta Altuna y Uria enpresek osatutako ABEEri esleitzea, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Horren berri eman dute ahaldun nagusi Markel Olanok eta Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok martitzen goizean. Esleipena egin aurretik espero zen GuraSOS elkarteak ipinitako errekurtsoaren gaineko epaia, baina oraingoz ez da epairik jakinarazi. Donostiako kaleetan milaka lagunek protesta egin dute errauskailuaren kontra.

Erraustegiaren obrak esleitu ditu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak
Markel Olano eta Jose Ignacio Asensio, prentsaurrekoan. | Ikusi handiago | Argazki originala

Foru agintarien esanetan, esleitutako instalazioak “oso teknologia aurreratua du isurketei dagokienez”, eta, horrela, “gainditu egiten ditu araudi zorrotzenek eta Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumen baimen bateratuak ezarritako parametroak”.

Ahaldun nagusi Markel Olanok prentsaurrekoan esan duenez, “gaurkoa egun garrantzitsua da gipuzkoarrentzat, aurreko legealdiko etenaldiaren ondoren, hondakinen arazoari emango diogun irtenbidea behin betiko onartu dugulako”.

Olanok gogora ekarri du hauteskundeetara programa zehatz batekin aurkezteaz gain, koalizio gobernuak proiektu konkretua mahaigaineratu zuela hondakinen arazoari irtenbidea emateko: “Arazoa konpontzeko konpromisoa hartu genuen eta hemen dago irtenbidea. Egingo genuela esan genuen, eta ondo egingo dugu. Irtenbiderik onena izango da ingurumen eta ekonomia arlotik. Hori dela eta, Europako hiriburuekin alderatuta, ziurtatu dezakegu Gipuzkoak errauskailurik aurreratuena izango duela. Irtenbide honek konpondu egingo ditu Gipuzkoako beharrak soluzio moderno eta eraginkor batekin. Eta horri esker, Gipuzkoa Europako lurralde aurreratuenen pare edo gainetik egongo da. Eta hori guztia baldintza ekonomiko egoki eta lehiakor batzuekin egingo dugu, gipuzkoarrei dirua aurreztea ahalbidetuko diotenak”.

Jose Ignacio Asensiok jasotako eskaintzen maila altua azpimarratu du. Datuok eman ditu: GIGek Europako legeek exijitzen dutena gainditzen du eta 94.000 tona CO2 emititzea ekidingo du. Horrez gain, 45.000 etxebizitza hornitzeko adina energia sortuko du eta, “ingurumen ikuspegitik onena”, bere esanetan, “goi mailako eskaintza da”, eta horri esker Gipuzkoako GIG “Europako tratamendu zentrorik aurreratuenetakoa izango da, eta ingurumen berme zorrotzenak beteko ditu”.

Era berean, Jose Ignacio Asensiok adierazi du erabilitako teknologia aurreratuari esker GIG-1 hasiera-hasieratik prestatuta egongo dela etorkizunean egon daitezkeen lege zorrotzagoetara egokitzeko.
Europako araudiak dioxina isurketetarako ezartzen duen muga %70 gutxituko duela azaldu dute agintariok; hau da, araudiak baimentzen duen dioxina kopuruaren heren bat isuriko du, gehienez ere.

45.000 etxebizitza hornitzeko energia

Eskaintza irabazlea aurkeztu dutenak dira Urbaser, "liderra hondakinen kudeaketan eta tratamenduan"; LKS, Moyua, Murias eta Altuna y Uria enpresak; Meridian Investments funts frantziarra, "azpiegituren finantzazioan eskarmentu handikoa"; eta Steinmuller Babcok teknologo alemaniarra. ABEE horrek egin duen eskaintzaren beste alderdi aipagarri bat da, foru agintarien esanetan, instalazioen errendimendu energetiko handia. Izan ere, baldintza agirietan eskatutakoa eta Europako araudiak exijitutakoa baino %30 altuagoa da. Hondakinen aprobetxamendu handiago horrek hondakinen balorizazioa areagotzen du, eta horrek 45.000 etxe baino gehiago hornitzeko nahikoa energia sortzea eragiten du, azaldu dutenez. Materialen aprobetxamenduari dagokionez, instalazioan aurreikusten den tratamendu mekaniko-biologikoko plantak bermatzen du, arduradunen arabera, %7,7 berreskuratzea, urteko 10.000 tona inguru, baldintza agirietan %5 eskatzen bazen ere.

217 milioiko inbertsioa

Alderdi ekonomikoari dagokionez, esleipendun suertatu den eskaintza da denetan lehiakorrena, %25 beheratzen baitu baldintza agirietan ezarritako aurrekontua; hori horrela, urteko bi milioi euroko aurrezpena dakar (kontratuaren indarraldian guztira 64 milioi), azaldu dutenez, bigarren postuan geratu den eskaintzarekin alderatuta. Hain zuzen ere, ABEEk 217 milioi euroko inbertsioa egingo du, GIG eraiki eta abiarazteko, tratamendu mekaniko-biologikoko eta balorizazio energetikoko plantekin. Gunea martxan jarri bezain laster, kontratistak 24 milioi jasoko ditu urteko. Zenbateko horretan sartzen dira egindako inbertsioagatiko eta instalazioaren kudeaketagatiko ordainketak. Horrela, guztira 768 milioi euro izango dira, kontratuak iraungo duen 32 urteetan. Baldintza agirietan ezarritako aurrekontuaren gainean 200 milioi euro baino gehiago aurreztuko dira, eta horrek eragin nabarmena izango du mankomunitateek ordaindu beharreko tarifan. Hau dena Diputazioko arduradunen arabera.

80 lanpostu zuzen sortuko dira, eta zeharkako 100. Horri dagokionez, esleipendunak Gipuzkoan indarrean dauden hitzarmenak aplikatzeko eta kontziliazioaren arloko politika aurreratuenak ezartzeko konpromisoak hartu ditu. Instalazioa eraiki eta martxan jartzeko aurreikusten den epea 30 hilabetekoa da, kontratazioan ezarritakoa baino zazpi hilabete gutxiagokoa. Hala eman du jakitera Aldundiak.

EH Bildu: "Inposaketaren gainetik herri akordioa behar da"

GHKren batzarrean, errauskailua esleitzearen aurka bozkatu du EH Bilduk, eta bere balorazioa zabaldu du prentsa ohar bidez. Talde horren esanetan, “inposaketaren gainetik herri akordioa behar” da, eta “errauskailuaren obrak ekar ditzakeen ondorioak ikusita, eztabaidarako eta herritarren ahotsa entzuteko bideak zabaltzeko” eskatu du.

Josu Amilibiak, Adunako alkate eta GHKko EH Bilduren ordezkariak, koalizioaren ezezko jarreraren nondik norakoak azaldu ditu batzarrean, besteak beste, azken hilabeteetan mobilizatu diren herritarren kezkak jasoaz: osasuna, ingurumena, ekonomia. Zentzu honetan, Amilibiak, “edozein proiekturen gainetik osasuna bezalako gai garrantzitsuei erreparatu" behar zaiela adierazi du batzarrean, edonolako zalantzaren aurrean, lehentasunezkotzat joaz. Gogorarazi du asko direla bai mediku eta bai ikerketak errauskailua eta hainbat gaixotasun larri, minbizia tarteko, lotzen dituztenak.

Horrez gain, azpimarratu nahi izan du gipuzkoarrak birziklapenaren alde urratsak egiten ari direla eta “errauskailuak ez duela inolako zentzurik”, ez baita, “ez orain ez gero, errauskailuak behar duen adina zabor sortzen”, haren esanetan. EH Bilduk herriz herri birziklatze tasak igotzeko alderdi ezberdinen artean lortzen ari diren akordioak txalotu ditu (Nafarroan, Debagoienean, Urola-Kostan, Legorretan...) eta, bide horri ekinez, “errauskailuak ez duela inolako kabidarik” eta datuek hala erakusten dutela adierazi du.

Guztia aintzat hartuta, adostasun zabalen beharra azpimarratu du Josu Amilibiak GHKko batzarrean.

Akordio politikoak eta herritarren desadostasuna

GHKren batzarrak iraun bitartean, milaka herritar kalean batu dira, Donostian, euren kezka eta desadostasuna adierazteko. EH Bilduko kideek ere mobilizazioetan parte hartu dute “birziklapenaren alde, adostasun zabalen alde eta errauskailua gelditzearen alde”. Udalerrietako herritar zein ordezkari politikoek errauskailuak utziko dien zorra salatzeko egin dute mobilizazioa.

EH Bilduk mobilizazioan parte hartzeaz gain, bart, abenduak 26, Podemos, Equo eta Ezker Anitzarekin batera gaurko batzarrean batuko ziren EAJ eta PSEko ordezkariei esleipena bertan behera utzi eta “elkarrizketarako eta akordioetarako jarrera” adierazteko eskatu zien.

Epaiaren zain

Horren harira, gaur goizerako (hasieran, atzorako) espero zen esleipenaren inguruko epai bat. GuraSOS plataformak errekurtsoa aurkeztu zuen Euskadiko Goi Auzitegian Eusko Jaurlaritzak errauskailuari emandako baimenaren aurka. Oraindik ez da epairik kaleratu. Hala ere, elkarteko kideek prentsaurrekoa egin dute, esanez esleipenagatik ez direla "geldituko" eta gerta daitekeela, proiektua epaitegiek gerarazten badute, kalte-ordainak sortzea. GuraSOSeko bozeramaile Joseba Belaustegik esan du esleipenaren aurretik epairik ez egoteak "harrituta" utzi dituela, eta GHK-k proiektua momentu honetan esleitzea "aurrera begirako ihesa" dela, eta auzitegiekiko "errespetu falta" adierazten duela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa