Laboral Kutxak dio ez dagoela bere klausulei eragiten dien deuseztasun deklaraziorik

Leire Kortabarria 2016ko abe. 22a, 13:58

Zoru-klausulen kontra Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak eman berri duen epaiaren inguruan, Laboral Kutxak jakinarazi du gaur egun ez dagoela “entitatearen klausulei eragiten dien deuseztasun orokorreko deklaraziorik”.

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) eguaztenean, abenduak 21, kontsumitzaileekiko kontratuetako abusuzko klausulei buruzko ebazpena eman zuen. Horren ondorioz, zoru-klausula izenekoak baliogabe aitortu zituen, Espainiako Auzitegi Gorenak 2013ko maiatzean eman zuen epaia berretsiz eta indartuz, atzeraeragina eman diolako. Hala, hipoteketako zoru-klausulak lehenengo egunetik aitortu ditu baliogabeak. Epaiak eragiten dien banketxeek zoru-klausulengatik kobratu duten diru guztia bueltatu beharko dute, nahiz eta banketxe batzuek dagoeneko esan duten ez dutela hori egingo harik eta sententzia irmoa izan arte.

Horren aurrean, Laboral Kutxak honako hau jakinarazi du prentsa ohar bidez:

“Gaur egun ez dago entitatearen klausulei eragiten dien deuseztasun orokorreko deklaraziorik. Izan ere, Madrilgo 11. zenbakiko merkataritza-arloko epaitegiak ekintza kolektiboaren inguruan apirilaren 7an emandako epaiaren aurkako errekurtsoak aurkeztuta daude, eta aurkeztutako errekurtsoak ebatzi gabe daude oraindik.

“Zoru-klausuladun hipoteka-kontratuen kopurua oso txikia da entitatearen zorroan, guztien % 1,5 baino ez dira.

“EBJAk diru-itzulketak ez mugatzeko finkatutako irizpidearen eragina 9,9 milioi euro inguruan kokatzen da.

“Erakundeak eginda dituen estaldurak direla eta, ebazpen honek ez du urtealdiko emaitzen aurreikuspena aldatuko”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak