Gabonak ate joka daudenez azoka ugari izan dira astebukaeran

Xabi Gorostidi 2016ko abe. 19a, 15:42

Gabonetako opariak egiteko edo menuak osatzeko aukera zabala izan da asteburuan zehar Oñatin eta Bergaran. Guztira bost azoka ezberdin izan dira, eta saltzaile eta erosle mugimendu handia izan da guztietan.

Gabonetako opariak edota bertako ospakizunetarako menua erabaki gabe dutenek, zalantzak uxatzeko hainbat aukera izan dituzte asteburuan zehar. Oñatin adibidez, artisauen azokaren hirugarren edizioa egin zuten zapatuan. Herriko 21 artisauk postua ipini zuten Herriko Plazan, eta horiez gain, Hotz eta Andraitz taldeak ere bertan izan ziren, bakoitza bere postuarekin.

Zeramika, osagarriak, umeendako jolasak, poltsak arropa, kosmetikoak, birziklatutako elementuak erabiliz egindako gerrikoak... Denetarik ikusi eta erosi ahal izan zuten Oñatiko plazara hurbildu den herritarrak.

Oñatiko plazatik irten gabe, domekan ere izan zer ikusi eta zer erosi Elkar Hezik antolatutako 18. Elkartasun Azokan.  Munduko injustizien aurrean kontzientzia sortzeko 21 gobernuz kanpoko erakundek postua jarri zuten, produktu solidarioak saltzeko. Han izan ziren urtero joaten diren taldeak, esaterako, Kalkuta Ondoan, Zazpi Udaberri, Alboan, Setem, Bubulun, Bidezko Merkataritza... Baina baita lehenengoz etorritakoak: Oñatiko Naturzaleak, Zaporeak, edo Hotz taldeak kasu.

Bergaran ere

Bergaran ere hiru azoka egon dira asteburuan. Zapatu goizean, Nafarroatik etorritako ekoizleen hamar postu izan ziren San Antonioko ermita ondoko plazatxoan. Feriaz gain, sukaldaritza lehiaketa, umeendako marrazki lehiaketa eta zezentxoak ere izan ziren, eta giro polita sortu izan zen goiz eta eguerdi partean.

Bedelkarrek antolatuta bigarren Pop up azoka izan zen horietako beste bat. Zapatuan, goizez eta arratsaldez, eta domeka goizaldean egin zuten azoka berezia Biltoki denda egondako lokalean, Bergarako 20 denden produktuak %10eko deskontuarekin erosteko aukera izan zen bertan.

Azkenik, bigarren eskuko produktuen azoka egon zen domeka goizean San Martin Plazan, eta, hori aprobetxatuta, Jardun Euskara Elkartekoek liburuen truke azoka egin zuten beste urte batez. Haur, gazte zein helduek aurrez Jardunera eramandako liburuen truke jasotako txartelarekin, beraiek aukeratutako beste euskarazko liburu bat hartu ahal izan zuten trukean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak