Azaroa ez da Ohorezko Erregional mailan lehian dabiltzan bailarako futbol taldeendako oso ona izan. Aloña Mendi da salbuespena, hasiera txar baten ostean hilabete horretan atera dituelako emaitzarik onenak –bi garaipen jarraian–, baina, abendua iristearekin batera, Martuteneren kontrako porrotarekin (1-0) liga hasierako mamuak azaldu ziren ostera ere: ezintasuna berdegunean.
Mondrak eta UDAk, berriz, atzerapausoa egin dute azaroan, eta joan den asteko derbian puntuak banatzearekin konformatu ziren bi taldeetako ordezkariak. Aurrealdekoen borrokak, baina, zegoenean jarraitzen du, aurrealdean ziren bost taldeetatik bakarrak irabazi zuen-eta aurreko jardunaldian; Hernanik.
Hala, Gabonetako geldialdiaren aurretik jokoan dauden sei puntuek dezente alda dezakete ligako lehen balorazio serioa. Hala, talde oñatiarrarendako garrantzitsua izango da atsedenaldira jaitsiera postuetatik kanpo ailegatzea. Ligako 34. jardunaldiko sailkapena da garrantzitsua, horrek balio du, baina Gabonetan eskertuko dute patxada apur bat.
UDAk eta Aloñak etxean
Hain zuzen, sei puntu horietako hiru izango dituzte jokoan asteburuan. Aloña Mendik indartsu dagoen Hernaniren bisita izango du domekan (16:30) –hiru garaipen jarraian daramatzate– eta Aretxabaletak, zeharka bada ere, mesedea egin diezaioke Oñatiko taldeari, etzi Ibarran (16:30) egongo den Hondarribia ere atzealdeko postuetan murgilduta dago eta; kostaldekoek urriaren 9a ezkero –zortzi jardunaldi– ez dute partidurik irabazi.
Mondrak, berriz, etxetik kanpora jokatuko du bihar (16:00), zortzigarren dagoen Touringen zelaian. Errenteriakoei kosta egiten zaie partiduak irabaztea, baina iraila ezkero ez dute lehiarik galdu.
Bergara eta Antzuola, lider
Erregional preferentean Bergarak mailaz igotzeko hautagaitza serioa aurkeztu du hasiera-hasieratik –joan den astean 7 gol sartu zituzten–, eta Mikel Jauregiren mutilak lider daude. Domekan Getarian jokatuko dute (16:00) sailkapenaren erdialdean dagoen taldearen kontra. Kategoria berean, berriz, joan den asteko derbia errepikatuko da: Mondrako eta Aretxabaletako bigarren taldeek indarrak neurtuko dituzte, Mojategin (domeka, 16:30). Erregional mailan, azkenik, Antzuola ere lider dago, baina asteburuan atsedena dute.