Debagoieneko 200 umerendako jostailuak gura ditu Gurutze Gorriak

Mirari Altube Arrese 2016ko abe. 4a, 10:24
Gurutze Gorriko boluntarioak, abenduaren 3an, jostailuak jasotzen, Eroskin.

Jostailu berriak batzeko kanpainari asteburuan eman dio hasiera Gurutze Gorriak Oñatiko Oinaztu aisialdi elkartearen laguntzarekin. Gizarte bazterkeria arriskuan dauden Debagoieneko neska-mutikoen artean banatuko dituzten jostailuek, berriak izateaz gain, ez belikoak eta ez sexistak izan beharko dute. 0 eta 15 urte arteko 200 neska-mutiko pasatxorengana iritsi gura dute aurten.

Kanpaina hasi besterik ez da egin baina Gurutze Gorriko boluntarioak pozik daude: "Bi egun egin ditugu baina jendeak ekarpenak egin ditu eta pozik gaude". Arrasateko Eroskin dute bilgunea eta han egongo dira hurrengo bi aste bukaeratan ere; hona egunak: 9, 10, 15, 16 eta 17.

Jostailu berriekin batera dirua ere onartzen dute; diru horrekin Gurutze Gorrikoek beraiek erosiko dituzte jostailuak. Eta laguntza ekonomikoa eman gura dutenendako Laboral Kutxan kontu korronte bat dute; hona: ES22 3035 0001 51 0010018156 (Kontzeptuan, Jostailu Berria jarri behar da).

Olentzero opari berriarekin dator

Orain dela hiru urte egin zuten lehenengoz Gurutze Gorriko boluntarioek jostailu berriak jasotzeko kanpaina. Ordura arte, erabilitakoak jasotzen zituzten: "Berriak zergatik? Olentzerok ez dio inori erabilitako jostailurik ekartzen, ezta? Bazterkeria arriskuan dauden ume eta gaztetxo horiek lagunekin jolas egiterakoan jostailu berria izan dezaten gura dugu, beste edozeinek moduan. Eta segurtasuna ere bada arrazoia, erabilitako jostailuan ez dagoelako hori bermatzerik", jakinarazi du Javi Igartua boluntarioak.

Iaz 190 bat neska-mutikorengana iritsi ziren: "Kanpaina ondo joan zen eta guztiendako jaso genituen". Aurten, gehiago dira beharrean dauden umeak, 200 pasatxo, eta herritarren laguntzari esker horiei guztiei eman gura diete jostailu berria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak