Olatz Etxabe eta Sandra Carrasco herritarren aurrean barruak astintzen

Josu Bilbao 2016ko abe. 1a, 20:00

Arrasateko Herriko Plazak aste honetan hartzen duen Memoriaren Plazako karpa goraino bete da Sandra Carrasco eta Olatz Etxabe arrasatearren testigantzak bertatik bertara entzuteko.

Arrasateko bi biktimen testigantza hunkigarriak jarraitzeko, lepo bete dira herriko plazako karpako bi aretoak. Alderdi guztietako ordezkari politikoak izan dira ekitaldian, baita beste biktima batzuk ere. Izan ere, Olatz Etxabek eta Sandra Carrascok euren testigantzak, jendaurrean, aurrenekoz partekatu dituzte, batera, Gogora Institutuko zuzendari den Aintzane Ezenarrok zuzendutako hizketaldi baten.

"Indarkeriak aitarik gabe utzi zituen bi emakumeren istorioak dira. Indarkeriaren ondorioak norainokoak izan daitezkeen ezagutzea da helburua. Giza ikuspegitik aztertzea gure herrialdean azken hamarkadetan gertatu dena. Gurasoek eta hiru seme-alabek osatutako bi familia ziren. Biek entzun zituzten tiro hotsak eta biek ikusi zituzten euren aitak lurrean. Guk euren ausardia eta eskuzabaltasuna eskertu nahi diegu, bizitakoa kontatzeagatik. Elkarbizitza posiblea da", azaldu du Ezenarrok aurkezpenean.

Olatz Etxabek bere aita Kanpazar tabernan hil zuten une gogorrak gogoratu ditu ondoren. "Hiru gizon kaputxekin sartu ziren tabernan, eta gasa bota zieten bertan zeudenei. Zuon bila gatoz! oihukatu zuten. Nire aita irten zen, eta 38 tiro eman zizkioten. Zarata entzutean sukaldera jaitsi nintzen eta lurrean ikusi nuen", azaldu du Etxabek.

"Egia, justizia eta erreparazioa beharrezkoak dira. Aurrera egiteko zauriak sendatu behar dira. Nire ustez, biktimok ez dugu politikarik egin behar. Gure paperak pedagogikoa izan behar du. Datozenei erakutsi behar diegu zer gertatu den", amaitu du esaten Olatz Etxabe arrasatearrak.

Sandra Carrascok ere, bere aita hil zuten eguna gogoratu du: "Bizkartzainarekin zegoenean, ea beldurrik zuen galdetzen nion, eta berak ezetz esaten zidan. Martxoaren 7an, lanera joan aurretik irten egin zen eta ondoren etxera bueltatu zen. Etxe barrutik 3 tiroak entzun genituen, eta nire ama segituan irten zen. Kalera begiratu nuen eta bertan ikusi nuen aita. Berak, leihora begiratu zuen eta odoleztatuta zegoela konturatu nintzen. Korrikan jaitsi nintzen, eta nire ama aitarekin zegoen jada. Bere ondoan egon ginen. Ez zigun inork lagundu".

Lehen zuen gorroto sentimendua atzean utzi duela azaldu du Carrascok: "Gorroto sentimendua aldatu egin da. Lehen ETA-ko biktimak bakarrik ikusten nituen. Beste aldeko biktimez ez nuen ezer jakin nahi. Baina, ezker abertzaleko batekin hitz egiten hasi nintzen eta lehen ulertzen ez nituen edo nahi ez nituenak ulertzen hasi nintzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak