Euskal sortzaileen eta kultur zaleen urrezko egunak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko abe. 2a, 09:00
Iazko Durangoko Azoka.

349 nobedade daude gaur ateak zabaldu dituen 51. Durangoko Azokan: 210 liburu, 41 disko, 16 aldizkari, bi bideo eta bestelako 27 ekoizpen. Debagoienean ekoiztutako produktuak ere izango dira berrikuntzen artean, aurreko edizioekin alderatuz kopuru txikiagoa bada ere. Azokaren zortzi gunetan askotariko aurkezpenak egingo dituzte.

Transmisioari begira Ikasle Eguna estrategikoa da Gerediaga elkartearentzat, eta, egun hori mantentzeko asmoarekin, ohi baino aurreratuago dator aurten Durangoko Azoka. Gaurtik martitzena bitartean kulturaren plaza izango da, beraz, Durango. Bizitzekoa da! da aukeratu duten leloa, Azokara urtero joaten direnei eta Azokara inoiz gerturatu ez direnei ere gonbidapena egiteko.

Atzera begirakoa izan zen iazkoa, Azokaren 50.urteurrena aitzakia hartuta; aurtengoarekin, baina, etorkizunera begiratzea da antolatzaileen asmoa, pauso txikiak, baina, era berean,  garrantzitsuak emanda.

Etxeko uzta eta saltokiak

Iazkoarekin alderatuta aurrekontu txikiagoa badu ere, oparoa da oraingoan ere eskaintza: 246 erakusleiho eta 200 kultur ekitaldi baino gehiago batu dituzte-eta egitarauan. Debagoieneko edo eskualdearekin  lotura duten bost stand izango dira: Mauka Musikagintzarena, Juan Karlos Irizar musikariarena, Arantzazu Edizio Frantziskotarrena, Mondragon Unibertsitatearena eta euskara elkarteek bultzatutako Badihardugurena. Arrasateko Gose taldeak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak ez dute stand propiorik izango.

Hala ere, aipatutako saltokietan, gainera, Debagoieneko labela duten askotariko ekoizpen gehiago izango dira -ikus goiko taula-. Egileetako batzuk Azokan egongo dira euren jarraitzaileei azalpenak eman eta sinadurak botatzeko prest; horien artean,  Arrasateko John Andueza idazlea. "Orain dela bi urte oso gustura jardun nuen, makina bat sinadura bota nuen; Azoka aukera ona da irakurleen iritziak bertatik bertara jasotzeko", dio Anduezak. Ruper Ordorika ere Azokan izango da bihar, Elkarren erakusleihoan. Beste batzuek, berriz, argitaletxekoen eskuetan utzi dituzte euren produktuak. "Donostian egin genuen aurkezpena, aurten ez dut-eta Durangoraino hurbiltzeko aukerarik izango", esan du Gerardo Markuletak, Oñatiko itzultzaileak. "Urtero moduan bueltatxo bat egingo dut, zer dagoen ikusi eta egun pasa", esan du Aretxabaletako Igor San Juan musikariak.

Inurrientzat, Argizaiola saria

1992. urtetik ematen duten omen-saria da. Urte txarretan, argia izan direnak gogoratu gura dituzte sari horrekin. Askotariko arlotakoek jaso izan dituzte. Aurten, hogeita bosgarrena, oinarrizko kultur langileek jasoko dute; hau da, euskal eta euskarazko munduan ehunka inurrik  egin duten lana goraipatuz horrela.

Gerediagakoen esanetan, "asko dira omenduak izan daitezkeen inurriak, baina denen izenean lurralde bakoitzeko pertsona batek jasoko du saria". Honako pertsona hauek jasoko dute, bada: Kepa Mendia Landa (Araba), Justo Alberdi Artetxe (Bizkaia), Jaime Albillos Arnaiz (Gipuzkoa), Patxika Erramuzpe (Ipar Euskal Herria), Carmen Belaza (Nafarroa) eta Jose Ramon Zengotitabengoak (diaspora). Sari banaketa bihar, zapatua, iluntzean San Agustin kultur gunean egingo dute.

Azoka Telebista ere bai

Goiena arduratzen da euskal hedabideen arteko elkarlana sustatzeko sortu zen gune horren kudeaketaz. Landako gunean dagoen platoan egingo dituzte aurten ere zuzeneko saioak. Azokan gaur izena duen eguneko bi magazine egingo dituzte, goizean bat eta arratsaldean bestea. Amaia DJ saioa ere arratsaldero egingo du Amaia Txintxurretak; nahiz eta gaurkoa 13:00etan izango den. Era berean, gaur Ikasle Eguna dela-eta, Goienaren Galdegazte saioa grabatuko dute; Arrasateko Institutuko ikasleek Hesian taldeko Zuriñe Hidalgo elkarrizketako dute. Aipatutako saioez gainera, bestelako kultura elkarrizketa eta kultur ekoizpen gehiago eskainiko ditu Azoka Telebistak.

Landakoguneko pantailan, tokiko telebistetan eta  streaming -goiena.eus- bitartez ikus daitezke saio horiek guztiak.

Debagoieneko sortzaileak Azokan

  • John Andueza (Arrasate)
    Lepoan hartu. Gazteentzako eleberria. Elkarrek argitaratua.
  • Inaki Beristain, Xabier Euzkitze eta Eduardo Urarte (Arantzazu)  Nikolas Segurola: fraide, artzain eta bertsolari. Biografia. Arantzazu Edizio Frantziskotarrak argitaratua.
  • Jose Antonio Azpiazu (Oñati)
    Hielos y océanos. Vascos por el mundo. Saiakera. Ttarttalok argitaratua.
  • Josune Murgoitio (Arrasate)
    Colores prohibidos. Eleberria. Autoekoizleen standean izango da salgai.
  • Gerardo Markuleta (Oñati)
    Haurrentzako ipuinak. Hainbat libururen itzulpen sorta egin du. Ereinek argitaratua.
  • Gerardo Markuleta (Oñati)
    Isil-mandataria. Eleberria. Jean Echenozen eleberria frantsesetik  euskarara itzulita. Meettok argitaratua.
  • Patxi Larrion (Bergara)
    Feriatzaileak. Eleberria. Susak argitaratua.
  • Ruper Ordorika (Oñati)
    Guria ostatuan. Pop-folka. Elkarrek argitaratua.
  • Juan Karlos irizar (Oñati)
    Izarra. Pianoa. J.K Irizar zigiluak argitaratua.
  • Dirty brothers (Arrasate)
    Mondra calling. Punk-rocka. Autoekoiztua. Musikazuzenean standean izango da.
  • Igor San Juan (Aretxabaleta)
    Izarrik gabeko zerua. Pop-rocka. Gaztelupeko Hotsak-ek argitaratua.
  • Zingira (Oñati)
    Bidaia. Rock progresiboa. Autoekoiztua. Musikazuzenean standean izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak