"Gonarekin jokarazi ziguten ETB zetorrelako"

Julen Iriondo 2016ko aza. 25a, 10:14

Berdintasuna helburu, kasu honetan pilotan, bi emakume erreferenterekin –Reyes Azkoitia eta Izaro Arbe– mahai-ingurua egin dute astean Zabalotegi aretoan, Azaroaren 25aren bueltako egitarauaren barruan. Tamalez, interes txikia eragin zuen.

Indarkeria matxistaren adierazgarri nagusi erailketak izan arren, bestelako desberdintasun adierazpideei ere arreta jarri nahi izan diete Udalak eta Martxanterek; honela, eguazten iluntzean Las pelotaris eta Pilota girls ikus-entzunezkoak eman zituzten Zabalotegin, eta herriko pilota eskolako entrenatzaile Reyes Azkoitiarekin eta Izaro Arbe puntista bizkaitarrarekin solasaldia egin zuten gero, Maite Aristegik gidatuta: Indarkeria sinbolikoa. Frontoiak ere badira gureak! izan zen goiburua.

Bertan azaldu zuen Arbek, kirolari edo pilotari dagokionez, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak izan ditzakeen hamaika ertzetatik bat era argian erakusten duen pasadizoa, oso adibide grafikoa, zestan hasi aurretik palan jokatzen zuenekoa: "ETB zetorrela eta gonarekin jokatu behar genuela erabaki zutela esan ziguten. 'Nola? Ez, nik normalean prakekin jokatzen dut, eta ez', esan nien". Jokatzeari uko egin zion berak, baina beste batzuk aritu ziren, baldintza haietan: "Telebistan irudi hori atera zen, emakumea, baina atzetik beste mezu horrekin", zioen.

Reyes Azkoitiak txikitatik jokatu izan du pilotan: "Nik jokatu izan ditudan partiduetan, kontziente izan naiz beti loreak bota izan dizkidaten gizon horiek ez zizkioketela botako jokatzen zebilena euren andrea balitz. Nafarroatik idatzi zidan behin batek esanez nahiko lukeela nire kontra jokatzea; hitzordua egitekotan geratu ginen, baina gutxira deitu zidan, gizonak uzten ez ziola-eta, jokatu ezin zuela esanez". Berak halakorik ez duela bizi izan zioen Azkoitiak: "Etxean patata tortilla preparatzen hobeto nengokeela eta halakoak entzun ditut, hala ere".

Lehiarako aukera txikia –kopuruz gutxi direlako– izaten da emakume pilotarien beste oztopoetako bat –palan, zorionez, lanketa egiten ari dira, eta ari da fruituak ematen–; frontoiko ateak edonorentzat zabalik egonda ere, hura gizonezkoen espazio irudikatzeari egotzi zion, adibidez, Aristegik; baina autokritika ere eskatu zuen Azkoitiak: "Bergaran errazago behar luke neskak jokatzera etortzea, entrenatzailea emakumea izanda, baina oso gutxi etorri dira". Pena eta autokritika behar bera azaldu zuen solasaldiaren arrakasta txikiagatik. Arbek zioen berak bai ikusi duela entrenatzailea neska izateak errazten dituela gauzak.

Gaur, bilkura eta akelarrea

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, izan, gaur da, berez, eta bi ekintza daude antolatuta: udaletxe aurrean bilkura izango da 19:00etan, eta akelarre antipatriarkala 20:00etan leku berean, musikaz girotuta. Emakumeek jasaten duten biolentziaren adibideak erreko dituzte sutan, eta queimada ere banatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak