Oihana Kortazarren oinetakoak, Aritz Aranbururen surf-taula, Claudio Chiapucciren kaskoa, hainbat futbolariren, atletaren, txirrindulariren eta bestelako kirolariren elastikoak... Guztira 96 sari banatuko dituzte urtarrilaren 28an egingo duten zozketan, horietako asko, sinatuta.
Errefuxiatuei lagundu ahal izateko ekimena Hotz Bergara, Hotz Oñati, Hotz Zarautz, Arrasateko Harreman eta Aguraingo Lautada Bero elkarteek jarri dute martxan eta gaur eguerdian aurkeztu dute Elgetan. Aurkezpen ekitaldian izan dira beraien babesa adierazi duten hainbat kirolari; tartean Aitor Mendizabal pilotari antzuolarra, Ohiana Kortazar mendi-lasterkari elgetarra eta Hondarribiako arraunlariak.
Hotz Bergarako Karlos Aldaik kirolariek erakutsi duten borondate ona azpimarratu du, eta azaldu du zozketan parte hartzeko salduko diren txartelen diruarekin elkarteek errefuxiatuei laguntzeko eskuartean dituzten hainbat proiektu finantzatzea dela asmoa. Gaineratu du egun hedabideetan hainbeste agertzen ez diren arren, Europan zehar sakabanatuta dauden errefuxiatuen egoerak, dauden herrialdearen arabera, larria iaten jarraitzen duela.
Txartelak saltzeko boluntarioak
Zozketa, esan bezala, urtarrilaren 28an egingo da zenbaki aleatorioen hautatzaile baten bidez, eta hurrengo egunean ezagutaraziko dute emaitza. Elkarteek gainera, txartelak saltzeko boluntarioen laguntza ere eskatu dute.