55 biztanle gutxiago ditu Debagoienak

Leire Kortabarria 2016ko aza. 18a, 08:00

Debagoienak 55 biztanle galdu ditu urte betean, 2015eko urtarrilaren 1etik aurtengora, Eustat-en Biztanleen Udal Estatistikaren datuen arabera. Aurtengo datuak joan den eguaztenean argitaratu ziren. Debagoienak 64.260 biztanle zituen erroldatuta urtarrilaren 1ean; iazko egun berean, 64.315.

EAEk 1.324 biztanle galdu ditu epe horretan. Gipuzkoak, ordea, handitu egin du bere populazioa: 708 biztanle irabazi ditu azken urtean.

2015etik 2016ra Gasteiz bakarrik hazi da (+752); Bilbok galdutako horixe ia. Bilbon eta Donostian maximo historikoak 2009an izan ziren; harrezkeroztik Bilbok -12.575, Donostiak -2.395. 2013an eta 2014an izan ezik Gasteizko biztanleria beti goraka; maximoa 2016an.

Getxok, Barakaldok, Basaurik, Portugaletek eta Sestaok galdu zuten biztanlerik (-1.844) gehien 2015etik 2016ra; Bilbo Handiko udalerriak denak. 2012-2016 bitartean, -6.885. Eskualde honetan daude biztanle-dentsitaterik handiena duten udalerriak, km. karratuko 6.000 pasa; Portugaleten, 2016an, 14.640.

Debagoienean 65 urte edo gehiago dute biztanleen %22,2k

Adinaren araberako datuak ere batu ditu estatistika horrek. Ondorioetako bat da EAEko populazioaren zahartzea; hala, EAEn, 65 urte edo gehiago dute biztanleen %21,4k; Espainian, %18,6k. Europan, Italia bakarrik dago Euskadiren proportzioaren gainetik. Azken 10 urteetan, proportzioa ehuneko 3 puntuz gehitu dela azpimarratzen du Eustatek. EAEren %21,4ko batez bestekoaren gainetik daude 88 udalerri; 163 daude horren parean edo azpitik. Goitik daude Bilbo, Donostia eta Barakaldo.

EAEn 65 urte edo gehiagoko 1,4 pertsona daude 16 urtetik beheragoko bakoitzeko; Espainian 1,2; Asturiasen 2,1.

Debagoienari dagokionez, Euskadiren batez bestekoaren gainetik dago, 65 urte edo gehiago duten 14.325 biztanle dituelako, populazioaren %22,29. Batez bestekoa gainditzen dute honako herri hauek: Aretxabaletak (%33,15), Eskoriatzak (%27,1), Arrasatek (%29,6), Oñatik (%31) eta Bergarak (%25,6); azpitik daude Antzuola (%18,9), Elgeta (%18,2) eta Aramaio (%20,1). 20 eta 64 urte arteko 37.789 biztanle ditu (%58,8), eta 0 eta 19 urte arteko 12.146 (%18,9).

Bestalde, 19 urtera arteko biztanleen proportzioa %18,2 da EAEn, eta batez besteko horren gainean daude Antzuola (%22,7), Elgeta (%19,8), Eskoriatza (%19,1) eta Aramaio (%21,2).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak