EH Bildurentzat, "bereziki kezkagarria" da gizarte politiketan, ekonomiaren sustapenean eta kultura alorretan "jaitsiera" proposatu izana

Eneko Azkarate 2016ko aza. 2a, 09:05

EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako taldeak "bereziki kezkagarritzat" jo du Gipuzkoan aurrekontuen bataz bestekoa %5,51 igotzen denean, gizarte politiketan, ekonomiaren sustapenean eta kultura alorretan "jaitsiera" proposatu izana.

Zentzu honetan, EH Bilduk datozen asteetan zabalduko den ebazpenak aurkezteko zein negoziatzeko bidean "gizarte politikak lehen lerroan" ezartzeko proposamena "mahaiaren gainean" jarriko duela aurreratu du.

Aurrekontuaren batez besteko %5,51 igoeraren gainetik, hiru departamendu baino ez daudela nabarmendu du EH Bilduk: gobernantza, bide azpiegiturak eta ingurumena, eta beste sei azpitik daudela: Diputatu nagusia, kultura, ekonomia sustapena, mugikortasuna, ogasuna eta gizarte politikak). Honek, EH Bilduren ustez, "agerian uzten du Diputazioaren lehentasunak" zein diren.

EH Bilduk "ezinbestekotzat" jotzen du gizarte politikak eta ekonomia sustapena "lehentasun nagusien" artean kokatzea. Ekonomia sustapenari dagokionean, gainera, tokiko garapena ageri da "kaltetuen" eta "lehen sektorearen garrantziak jaitsiera nabarmena" du EH Bilduren esanetan. Eta salatu du, Gizarte politiken alorrean, duela hilabete batzuk AGIa kentzeko hartutako erabakiaren ondorioz Diputazioak aurreztuko dituen 5 milioiak ez direla, Diputazioak aurrez adierazi moduan, gizarteratzera bideratzen.

Horrez gain, "beste behin ere", sarrerak desorekatuak direla nabarmendu du, langileek ordaintzen dituzten pertsona fisikoen gaineko zerga igo egiten baita %3,06, eta, aldiz, sozietateek euren irabaziengatik ordaindu behar duten zerga, sozietateen gaineko zerga, jaitsi egiten baita %7,15, EH Bilduren ustez: 18,5 milioi gutxiago.

EH Bilduk beste hainbat arloetan ere "atzera urratsak" daudela nabarmendu du. Garraio publikoari dagokionean, "garapen falta agerikoa" dela salatu du eta bide gorrien eraikuntzako laguntzak "urtez urte gutxituz" doazela azpimarratu du.

Parte hartzeari dagokionean, gastuetan horren aldeko apusturik ez dela egiten adierazi du. EH Bilduko taldeak "bereziki larritzat" jo du krisiari eta langabeziari aurre egiteko "neurri eraginkorrik" ez jaso izana aurrekontuen proposamenean eta adierazi nahi izan du, datorren ikasturteko aurrekontuak Diputazio berriak hasitako bidearen jarraipena baino ez direla, "ematen diren aldaketa apurrak okerrera egiteko" direlarik. Zentzu horretan, EH Bilduk aurrera egiteko proposamenak aurkezteko konpromisoa hartu du.

EH Bilduk beharrezkoa ikusten du datozen asteetan aurrekontu hauek negoziatzeko bideak zabaltzea Batzar Nagusien parte diren gainontzeko alderdiekin eta jakinarazi du EH Bilduk aurrekontuen proposamenen lanketa Gipuzkoako hainbat eragilerekin konpartitzeko asmoa duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak