Gipuzkoan %10,35eko langabezia tasa dago orain

Leire Kortabarria 2016ko urr. 27a, 15:38

Espainiako Estatistika Erakundeak (INE) eguenean kaleratutako Populazio Aktiboaren Inkestaren (EPA) arabera, langabezia igo egin da Euskadin: zehazki, 4.600 pertsona geratu dira lanik gabe urteko hirugarren hiruhilekoan. 133.300 pertsona daude langabezian, %12,80ko tasa, aurreko epean baino %0,55 handiagoa.

Pertsona okupatuak gehiago dira ere: 6.800 lagun. %57,42 da okupazio tasa orain, aurreko epean baino %0,76 gehiago.

Iazko epe berarekiko, langabezia murriztu egin da: 6.500 langabe gutxiago daude orduan baino, %4,65 gutxiago.

Gipuzkoa da langabezia tasa txikiena duen EAEko lurraldea: bere tasa %10,35 da, aurreko hiruhilekoan baino %0,12 gehiago. Araban, %12,16ko langabezia tasa dago (aurreko epean, %13,11), eta Bizkaian, %14,50ekoa (aurrekoan, %14,83).

Aktibitate tasa handiena Arabari dagokio: %58,16; gero, Gipuzkoari: %57,51; eta azkenik, Bizkaiari: %57,17.

Urteko hirugarren hiruhilekoan, Euskadiko populazio aktiboa hazi egin zen 11.400 lagunetan (+%1,11), eta 1.040.800 lagunek osatzen dute. Iazko epe berarekiko 25.400 lagunetan hazi da (+%2,50). Populazio aktiboa da lan-merkatuan dagoen populazioa, berdin da enplegua eduki edo ez; populazio okupatua da enplegua duen populazio aktiboaren multzoa.

Hego Euskal Herria eta Espainia hartuta, langabezia 253.900 lagunetan jaitsi da eta %18,91koa da orain langabezia tasa, aurreko hiruhilekoan baino puntu bat baino gehiagoko murrizketa, eta azken sei urteotako datu onena; izan ere, sei urtean lehenengo aldiz dago %20 baino tasa txikiagoa. 4.320.800 langabe daude orain.

Beste langabezia datu bat, datorren astean

Honakoa dagokio INEk egindako estatistikari; datorren astean, azaroaren 3an, da kaleratzekoa Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak egindako enplegu eta langabezia datua.

Gaindegiak Euskal Herriko datua eman du: %12,30

Euskal Herri osoa kontuan hartuta, Gaindegiak egindako lanketaren arabera, 183.500 langabe daude 2016ko hirugarren hiruhilekoan, aurrekoan baino 3.200 gehiago, eta %12,30eko langabezia tasarekin, aurreko urteko epe berbera baino 0,96 puntu gutxiago.

Gaindegiak INE, Eustat eta INSEEk emandako datuak hartzen ditu aintzat bere txostenerako. Agerian geratzen dira iturri desberdinen arteko aldeak, kasu batzuetan oso deigarriak direnak. Eustatek %12,60ko langabezia tasa ematen du Euskadirako urteko 3. hiruhilekoan, baina, erakunde horren arabera, murrizketa bat egon da aurreko hiruhilekotik (%13,90eko tasa eman zuen ordurako); INEren arabera, kontrakoa gertatu da.

Azken hiruhilekoan, 3.200 langabe gordin gehiago dago, baina langabezia tasa berdintsu mantendu da, 22.900 biztanle aktibo gehiago dagoelako.

Gaindegiak emandako datuen arabera, Araban eta Nafarroa Garaian jaitsi egin da langabezia tasa azken hiruhilekoan, eta igo egin da Bizkaian eta Gipuzkoan. Bizkaian igo da gehien (+%0,74). Gaindegiak azpimarratzen duenez, “Eustateko datuen arabera herrialde honetan ez da langabezia igo, Araban eta Gipuzkoan gertatu bezala”. Eustatek %14an kokatzen du Bizkaiko tasa, -%1,70.

Bizkaian dago langabeziarik handiena, %14,5; Eustaten arabera ere bai (%14,00).

Azken hiruhilekoan, Euskal Herriko eta 28 kideen Europako Batasuneko langabezia tasen arteko aldea 0,4 puntu handitu da, eta Euskal Herriko langabeziak 4,1 puntu handiagoa izaten jarraitzen du, INEko datuen arabera.

Gaindegiak egindako langabeziaren inguruko taula.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak