Gipuzkoako 16 udal egoitzak kudeatuko ditu Diputazioak

Eneko Azkarate 2016ko urr. 13a, 09:08

Kabia Foru erakundeak 1.505 plaza eta 1.248 langile hartuko ditu bere baitan, eredu "adostua, jasangarria eta kalitatezkoa" eskainita. 2017an Bergarako Mizpirualde batuko da Kabiara, eta 2018an, Arrasateko Iturbide eta Oñatiko San Martin.

Gipuzkoako udal egoitzak Kabian pixkanaka sartzeko prestatu duen egutegiaren berri eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horrela, dagoeneko Kabian integratuta dauden Azkoitia, Elgoibar, Villabona eta Zumaiako zentroei, Andoain, Arrasate, Bergara, Eibar, Errenteria, Hernani, Irun, Lasarte-Oria, Oñati, Ordizia, Pasaia eta Tolosako zentroak erantsiko zaizkie eta, ondorioz, 224 plaza kudeatzetik 1.505 kudeatzera pasako da 2019. urtean (1.336 egoitza plaza, gehi 169 plaza eguneko zentroetan).

Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu du Kabiako arreta eta kudeaketa eredua "erreferente" bihurtuko dela Gipuzkoan adinekoen egoitza alorrean, eta "jasangarria eta kalitatezkoa" izango dela, "emaitzetara" bideratutako kudeaketarekin.

Olanok erantsi du Kabia eredua "denon artean" definitu dela, Aldundiaren, udalen eta egoitzen arteko "adostasuna eta akordioa" lortzeko asmoarekin, eta, gainera, Kabian integratuko diren egoitzetako "ezagutza" aprobetxatu nahi dela.

Pixkanaka integratzea

Adostutako ereduari jarraituz, udal egoitzak pixkanaka integratuko dira Kabian, bakoitzak integratzeko izango duen zailtasun teknikoaren mailaren arabera (baxua, ertaina edo altua), eta kontuan hartuta Irun eta Pasaian egoitza berriak irekitzeko proiektuak daudela.

Horrela, 2017. urtean, Andoain, Bergara, Ordizia eta Lasarte-Oriako zentroak integratuko lirateke: 2018. urtean, Oñati, Errenteria, Tolosa eta Arrasate; eta 2019an, Pasaia, Irun, Eibar eta Hernani.

Finantzaketari dagokionez, plan ekonomiko bat dago prestatuta, Kabiak 2017-2019 denboraldian izango duen eragin ekonomikoa aurreikusten duena, guztira 115.742.691 eurokoa, era honetan banakatuta:

  • 2017 urtea: 21.082.221 euro.
  • 2018 urtea: 39.233.180 euro.
  • 2019 urtea: 55.427.290 euro.

Udal egoitza guztiak 2019. urtean Kabian txertatu ondoren, guztira 1.248 langile izango ditu (299 lan talde propioan eta 949 zerbitzu enpresetakoak). Honekin lotuta, Gipuzkoako Foru Aldunditik adierazi dute Kabian sartuko diren langileek "egungo lan baldintzak" izango dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak