Katxalin elkartekoak bularreko minbiziaren ikerketetarako dirua jasotzen izango dira zapatuan

Amaia Txintxurreta Guridi 2016ko urr. 11a, 13:16

Hiru mahai jarriko dituzte zapatuan Bergaran Katxalin elkartekoek eta horietan lazo larrosak banatu eta informazioa ematen izango dira. Bertan jasotako dirua ikerketara bideratuko dute, urtero bezala.

Diru-bilketa urtean behin egiten dute Bergaran Katxalin elkartekoek, bularreko eta ginekologiako minbiziak eragindako emakumeen elkartekoek, eta aurtengoa zapatu honetan egingo dute, hilaren 19an ospatuko den Bularreko Minbiziaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira.

Lazo larrosak banatuko dituzte eta herritarrei informazioa emango diete herrian jarriko dituzten hiru mahaitan, jasotako diru guztia ikerketara bideratzeko helburuarekin. Hauxe esan du Katxalin elkarteko bailarako arduradun Maite Vallek: “Lazotxoak jartzen ibiliko gara. Askok badakite zertaz doan kontua, ez dugu eurengana joan beharrik izaten, eurak etortzen baitira. Eta beste batzuei zer den azaltzeko balio izaten digu”.

Domekan, Donostiako Klasikoan

Domekan, berriz, Donostiako Klasikoaren barruan egiten den 5,5 kilometrotako lasterketan parte hartzera joango dira Bergaratik autobusean. Vallek adierazi du oso polita dela egun horretan sentitzen duten berotasuna jasotzea: “Oso polita da Donostiako Askatasunaren Etorbidean sentitzea marea larrosa bat, ikaragarria da jendeak txaloka ematen dizun animoa”.

Herriko Candem Town dantza taldekoak ere joango dira Donostiara zumba dantzekin girotzera. Eta bueltan, Katxalin elkartekoek bazkaria egingo dute elkarte batean.

Urte guztian laguntzeko prest

Dena dela, egun horietan bakarrik ez, urte guztian zehar jasotzen dute Katxalin elkartekoek bertako kide direnen laguntza, hauxe azaldu du elkarteko kide Blanka Zebrianek: "Niri diagnostikatu zidatenean, asko lagundu zidaten. Familiakoek noski laguntzen dizutela, baina agian gehien laguntzen dizuna da horrelako elkarte batek, izan ere, badakizu beraiek edo beraien familiakoek ere horrelako egoera batetik pasa direla, eta ikusten duzu dena ondo joan zaiela, eta pentsatzen duzu niri ere ondo joan ahal zaidala."

Astero yoga klaseak jasotzen dituzte, eta joskintza saioak ere egiten dituzte ospitaletan egoten diren umeendako panpinak egiten edota bularreko minbiziagatik operatzen dituzten emakumeei bihotz formako kuxinak egiten, operazio ostean erabil ditzaten.

Elkartekoendako hori oso terapia ona dela gaineratu dute, "hunkigarria" izaten delako oparia jasotzen dutenen irribarrea ikustea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak