Joseba Asiron: "Asmoa ez da errebantxismoa bilatzea, baizik eta urte luzez egin ziren krimenak epaitzea"

Mirari Altube Arrese 2016ko ira. 30a, 10:00
Joseba Asiron.

Elgetan izango da bihar, zapatua, Joseba Asiron, Iruñeko alkatea. Intxortan faxistak geldiarazi zituzteneko 80. urteurrenaren bueltan egingo den mahai-inguruan –10:30, Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroan, Espaloian– izango da beste hainbat gonbidaturekin batera.

Frankismoaren aurkako kereila aurkeztea erabaki zuen Iruñeko Udalak; zein da zuen kereilaren kausa, arrazoia?

Joan den azaroan Iruñeko biztanleek frankismoaren diktaduran jasandako gizateriaren aurkako krimenak ikertzea adostu zuen Iruñeko Udalbatzak, krimen guzti horiengatik kereila bat aurkezteko asmoarekin. Jakina denez, Nafarroan, beste hainbat lekutan bezala, errepresioa bortitza izan zen, eta Iruñean bakarrik 300 fusilatutik gora, 1000 atxilotu inguru, 260 funtzionario santzionatu eta kargugabetu eta 170 pertsona errepresio ekonomikoaren biktima izan ziren, 1936tik 1939ko epe bitartean. Krimen horiek ez dira oraino epaituak izan, eta kasu askotan ezta ikertuak ere. Orain dela urte bat Madrileko kereila Argentinarraren Koordinadorakin bilera bat egin ondoren, Iruñeko Udalak krimen guzti horiek ikertzeko eta justizia eta erreparazioa behingoz bete dadin kereila bat aurkeztea erabaki zuen, erakundeek ere badutelako zer esanik kausa honetan. Horrelako asmoa azaldu zuen lehen Udala izan zen Iruñekoa, baina orduz geroztik beste hainbat Udalek bat egin dute ekimen honekin: Zaragoza, Tarragona, Rivas edo Cadiz, esaterako.

Zein da zure papera kereila horretan?

Kereila Iruñeko Udalaren izenean ezarriko da, eta Iruñeko Udalaren ordezkaria alkatea da kasu honetan. Baina kereila aurkezteko Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek 4 hilabetez krimen guzti horiek ikertu dituzte eta urriaren 4an aurkeztuko dizkigute ikerketa horren emaitzak, zeintzuekin kereila jantziko den. Eta gero, Iruñeko Udaleko zerbitzu juridikoek eramango dute aurrera kereilaren defentsa.

Kereila hori zein unetan dago?

Esan bezala, kereila aurkeztu ahal izateko txosten periziala egiten ari dira Nafarrokoa Unibertsitate Publikoko ikertzaileek. Horretarako biktimei arreta egiteko bulego bat ireki genuen maiatzean Iruñeko alde zaharrean eta hilabete guzti hauetan zehar aitortzak, testigantzak eta dokumentazio ezberdina biltzen aritu dira. Haien arabera, informazio berri asko lortu dute, batez ere frankismoko azken etapari dagokionez, 70. hamarkadakoa alegia. Urriaren 4an txosten periziala emango diote Udalari eta handik aurrera kereila prestatzen hasiko gara, Iruñeko epaitegitean aurkeztu ahal izateko. Gure asmoa Kereilak aurkeztu dituzten hiri ezberdinekin elkarlanean aritzea da, eta estrategia juridiko adostu bat lortu ahal izatea.

Zer lortu nahiko zenuke kereilarekin?

40 urte luze ondoren frankismoaren biktima izan diren pertsonei errekonozimendua eta aitortza egitea. Haientzat oso garrantzitsua izan da Udalak biktimei arreta egiteko bulegoa zabaltzeko, behingoagatik erakunde batek kasu egin dielako eta beraien testigantzak entzun dituela. Asmoa ez da errebantxismoa bilatzea, baizik eta urte luzez egin ziren krimenak epaitzea, horrela bakarrik lortu dezakelako gizarte demokratiko batek aurrera egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak