Txapela erantzi eta zapia jarri ahal izateko bidea aztertzen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko ira. 23a, 09:40
Maider Arregi bertsolari oñatiarra Euskal Herriko eskolarteko txapelketa irabazi berri; atzean, Maialen Lujanbio.

Emakume bertsolariak: ahanzturatik diskurtso propiora izeneko ikerketa lan mardula egin dute, Emakunderen ikerketa beka bati esker, Gema Lasartek, Amaia Alvarezek, Pablo Lekuek, Judit Martinezek eta Ana Isabel Ugalde historialari arrasatearrak. "Emakumeei memoria kendu zaie bertsolaritzan, ez dira existitzen, hitza ere kendu zaie", dio ikerketako zuzendari Gema Lasartek.

Lasarte aritu da zuzendari lanetan, hegemonikoki gizonezkoa izan den eremura emakumeen gerturatzea ahalbideratu duten iniziatiba eta faktoreen azterketan. Ikerketak jasotzen du, besteak beste, bost bertsolaritik bat emakumea dela gaur egun. Presentziaren areagotze horretan gakoak izan dira modernizazioa, bertso eskolen sorrera eta emakume erreferenteak agertu izana.

Eta emakume erreferenteen artean bertsolari gehienek –200 bertsolariri galdetegiak pasatu zizkieten– aipatzen dute Maialen Lujanbio. "Etengabe aipatzen dute. Askorentzat, bertsotan egoteko arrazoia da, eredu emakume askorentzat", dio Lasartek. Izan ere, 1990eko hamarkadara arte plazatik kanpo egon ziren emakumeak. Orduan agertu ziren Iratxe Ibarra Bizkaian, Estitxu Arozena Nafarroan, eta, batez ere, Maialen Lujanbio Gipuzkoan.

Bailarak, "paper garrantzitsua"

Lasarteren zuzendaritzapean egon den taldeko kide izan da EHUko irakasle Ana Isabel Ugalde: "Nire lana izan da bereziki historiari dagokiona. Egin ditut bestelako lanak ere, baina batez ere arlo historikoa landu dut. Emakumeek bertsotan egin izan dute, bai".

XV. menderaino bidaiatuta, arrasatear baten lana nabarmendu du Ugaldek: "Gizonezkoa zen: Esteban de Garibai. Hark jaso zituen orduko testigantza asko, bertsoak tartean, eta hari esker ez dira ahanzturan geratu. Horregatik, jasotako emakumeen bertso zaharrenak arrasatearrenak dira. Izan ere, bertsolaritzaren bat-batekotasunak hori dauka, asko galdu egin direla".

Bertso eskolak izan dira gakoetako bat eta hor Debagoienak "paper garrantzitsua" jokatu du, Ugalderen arabera: "Bertso eskolak gure bailaran sortu ziren, Patxi Goikoleari eta konpainiari esker. Eta bailarako emakume bertsolarien artean ere Arantzazu Loidi aipatu beharra dago, lehenengoetarikoa". Baina ispilu edo erreferente nagusia, zalantza barik, Maialen Lujanbio da: "Ikono bat da. Gaur egungo bertsolarien artean ere, ukatu ezin daitekeen ikurra". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak