Kongresua eta hitzaldi zikloa, UNED Bergararen 40. urtemuga dela-eta

Julen Iriondo 2016ko ira. 13a, 14:50

Uztailean Bergaran gauzatu zuen UNED patronatuak unibertsitatea Errege Seminarioan geratzea dakarren akordioa, eta gaur horren gainean jardun dute Markel Olano ahaldun nagusi eta patronatuko presidenteak eta UNED Bergarako zuzendari Iñaki Espartzak Foru Aldundiaren egoitzan egindako agerraldian. Horrekin batera, UNED Bergararen 40. urtemuga dela­-eta antolatutakoen berri ere eman dute.

UNED Bergararen 40. urtemuga dela­-eta antolatu dituztenen artean, Iñaki Espartza zuzendariak nabarmendu duenetako bat izan da askotariko gaien gainean eta ikasle ohien eta UNED barruko zein kanpoko jendearen laguntzaz urtea amaitu bitartean egingo duten konferentzia zikloa, nahi duen ororentzat Bergaran eta Donostian izango dena. Iragarri du, gainera, arrakasta baldin badu aurrerantzean ere egingo dituztela halako gehiago, UNEDek duen gizartearekiko erantzukizunagatik.

Eta unibertsitateak 40 urte betetzearekin batera martxan jarriko duten eta oso garrantzitsu jo duen ekimen bati buruz ere jardun du Espartzak, Ikastaro Propioen Zentroari buruz, alegia: "Horren bitartez nahi duguna da gure ikastaro propioak bultzatzea; ez bakarrik, orain arte egin dugun bezala, eskaintzak jaso, bideragarritasuna aztertu, eta saiatu abian jartzen, baizik eta guk eragin". UNED Bergararako jarduera gehiago sortzea da honen helburua, azaldu duenez.

Azkenik, eta gertukoenera jota, eguenetik zapatura Bergaran, Arantzazun eta Donostian egingo den Espainiako Alexander Von Humboldt elkartearen kongresuaren berri ere eman du: "Etorriko dira 100 irakasle, katedradun eta ikerlari lehen mailakoak, baita ere Alemaniatik, Espainiako elkartearen sorburuan dagoen Alexander Von Humboldt fundazio publikotik. Eta honetaz aprobetxatzen bada gipuzkoar ikerlari gazteren bat, bada, hori da helburua". Alemaniako Von Humboldt deiturikoa fundazio publikoa da, ikerketa zientifikora diru asko bideratzen duena –gerora Nobel saria jaso duten bat baino gehiago lagundu ditu diruz–, eta fundaziora atxikitako Espainiako erakundeetako ordezkariak dira Bergaran bilduko direnak.

Bestetik, Iñaki Espartzak berak eta UNED Bergara patronatuko presidente gisa hitz egin duen Markel Olanok unibertsitatea behin betiko Errege Seminarioan geratzeko uztailean gauzatutako akordioaz jardun dute. Biek jo dute oso garrantzitsu UNEDen etorkizunerako: "Erakunde publikook, bai Bergarako Udalak eta bai Foru Aldundiak, apustu berezi bat egiten dugu UNEDek orain arteko lana eta hemendik aurrera gehiago ere egin dezan gure lurraldean", esan du Olanok. Patronatuko presidente eta ahaldun nagusiak gogora ekarri du uztaileko akordioarekin 1.107.000 euroko diru laguntza jasoko duela Bergarako Udalak Diputaziotik, Seminarioko eliza zaharreko kultura aretorako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak