Udal euskaltegiek urteroko oinarrizko eskaintza mantenduko dute; euskalduntze eta alfabetatze maila guztiak eskainiz. "Ahaleginak egingo ditugu idazkuntza eta mintzamena lantzeko ikastaro bereziak sortzeko. Horrez gain, errefortzu eskolak, DBHko ume etorkinei bideratutako ikastaroak eskaintzeko asmoa ere badugu eta beste hainbat zerbitzu ere eskainiko ditugu, eskaintza zabala da", adierazi du Karmele Agirregabiria Leintz Udal Euskaltegiko zuzendariak.
Bestalde, aurtengo Udal euskaltegietako leloa erabili euskara da. Lelo hori aintzat hartuta, leku guztietan euskara erabiltzera bultzatu nahi dituzte herritarrak euskaltegietatik. "Arlo guztietan bultzatu nahi dugu euskararen erabilera. Lanean, jolasean, lagun artean...azken finean, erabilera bera da bultzatuko duguna", nabarmendu du Agirregabiriak.
AEKn ere aukera
AEKn –Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea– ere matrikulazio epea zabalik dago oraindik, hil bukaerara arte. Urriaren 3an hasiko dute ikasturtea eta Arrasateko AEKn, orotariko eskaintzak dituzte. "Maila guztietako eskaintzak ditugu, bai mintzapraktika saio bereziak, baita autoikaskuntzako saioak ere. Euskaltegian online eskaintza ez dugu zabaltzen, baina AEK barruan bai, gela bat daukagulako eta bertara bideratzen ditugulako online ikastaro horiek", dio Oskar Elizburu Arrasateko Debagoieneko AEK-ko zuzendariak.
Lelo afektiboa
Koordinakundeak atera nahi duen leloa %100 afektiboa da. Hala adierazi du Elizburuk. Afektibotasunari garrantzia ematen diote metodologian. Besteak beste, pertsonen arteko harremanari garrantzia eman nahi diote. "Mezuak berak esaten duen bezala, afektiboa izateaz aparte, efektiboa ere bada. Hain zuzen ere, gustura eta harreman onean ikasita, efektiboagoa da ikasketa, baita baliagarriagoa ere", azpimarratu du Elizburuk.
Korrika prestatzen
Ikasturte honetan Korrika ospatuko da eta, hasi dira prestaketa lanetan. "Ezin dugu ezer aurreratu. Esan dezakedana da udarako kamiseta batzuk atera genituela, lehenengo jauzi hori emateko. Ezin dut gehiago esan, bakoitzak atera ditzala ondorioak, kamisetak berak ematen duen informazioarekin", azpimarratu du Elizburuk.