Fagor Ederlanek baieztatu du "dena aurreikusi bezala" doala eta "epeak betetzen" ari direla. Iraileko egun hauetan, lan horiek egiteko azken baimenak tramitatzen zebilen Eskoriatzako kooperatiba, urriaren 1erako dena gertu izateko.
Hazkundearen ondorioa
Bergarako pabiloi berria egokitu egin behar da presio txikiko fundizio bat egongo delako bertan. Fagor Ederlanen plan estrategikoan aurreikusten zen presio txikiko aluminioaren negozioa handitzea. Hazkunde horren ondorioz behar berriak sortu zaizkio Ederlani, eta behar horiei erantzuteko eskuratu zuen iaz Geyserren lantegia. Presio txikiko aluminioaren ekoizpena Arrasaten dauka gaur egun Fagor Ederlanek. Datorren urtean hasi nahi dute Bergaran lanean.
Mexikon, ia bukatuta
Bestalde, Mexikon lantegi berria egiten dabil ere Ederlan, eta hango lanak oso aurreratuta daude; bukatzetik gertu, hain zuzen ere.