Aritz Kortabarriak Hawaiiko Ironman proban lehiatzeko txartela eskuratu du Holandan

Xabier Urtzelai 2016ko abu. 26a, 12:21

Urriaren 8an aspaldiko ametsa bete ahal izango du Aritz Kortabarriak (Bergara, 1978). Hain zuzen, Kortabarria jaio zen urtean antolatu zuten lehenengoz Hawaiin Ironman proba, irlan egiten zituzten hiru lasterketa batuta, eta mundu mailan erreferente bilakatu zen. Bada, hilabete eta erdi barru irteera puntuan izango da.

"Guztira 25 Ironman egin ditut, horietako bost Hawaiin egoteko helburuaz. Eta azkenean lortu dut". Hawaiin lehiatuko den lehenengo debagoiendarra izango da.

Hawaiin mundu mailako triatleta onenak batzen dira, edonork ezin du parte hartu bertan. Sailkapen fase bat egoten da, aurretik beste Ironman proba batean onenen artean egon beharra dago, eta bosgarren ahaleginean lortu du Aritz Kortabarriak txartela eskuratzea. Holandan izan zen, Maastricht-Limburgeko Ironmanean, abuztu hasieran: "Beste batzuetan baloiak langan jo du, beti izaten nuen arazoren bat. Minutu bateko aldean egon daiteke txartela lortzea ala ez lortzea, eta oraingoan lortu dut", dio bergararrak.

Maastricht-Limburgeko Ironmanean guztira 40 txartel zeuden Hawaiira sailkatzeko. Eta, Kortabarriaren adin tartean bost onenak sailkatzen ziren: "Korrikako sektorean egindako lanari esker lortu nuen txartela. Orokorrean denborak ez ziren batere onak izan, batez ere bizikletako tartea ez zelako batere aproposa, arriskutsu zegoen. Baina korrika tarte ona egin nuen, profesionalak kontutan hartuta 16. denbora onena egin nuen eta hor egon zen gakoa".

Maastricht-Limburgeko Ironmaneko irudiak. 

Urriaren 8an, ametsa betetzera 

Hala, dagoeneko hasi du atzera kontaketa, hilabete eta erdi barru ostera ere distantzia luzeeneko proba izango duelako aurrean –3,6km igeri, 180km bizikletan eta 42km korrika–. "Etxerako lanak dagoeneko eginda daude, aurreko Ironmana prestatzeko egin nituen. Atseden apur bat hartu ostean ostera ere hasi naiz entrenatzen. Eta, horrekin batera babesle bila, izenematea ez delako batere merkea, ezta bidaia ere". Hala, Bergarakoa lan ona egitera joango da AEBtara: "Seguruenik atleta arinenetakoa izango naiz, gehienak gorpuzkera aldetik handiak izaten direlako. Bada, igeri egin ostean bizikletako tartean eusten ahalegindu beharko naiz, baina lehertu barik, jende indartsua egoten delako. Eta ondoren, korrikako tartean ahalik eta txukunen ibili, pisu gutxi izanda beste batzuen aldean abantaila izango dudalako". 

Lehenengo debagoiendarra

Aurreratu moduan, Hawaiirako sailkatzea ez da batere erraza, eta horren erakusle da Aritz Kortabarria dela Hawaiin lehiatuko den lehenengo debagoiendarra. Duela urte batzuk Antxintxika Triatloi Taldeko atleta Xabi Lekue lehiatu zen, baina Lekue donostiarra da. Hala, Kortabarria izango da bailarako lehen ordezkaria: "Azken batean Ironmanetan ibiltzen denak, behin behintzat, Hawaiin egon gura du. Txirrindularia izan eta Tourrera joatea modukoa da, edo tenis jokalaria izan eta Wimbledon jokatzea". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak