San Roke eguna gustura ospatu dute Elgetan eta Bergaran

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko abu. 17a, 14:03

Elgetan trikitixarekin eta panderoarekin girotutako herri bazkaria egin zuten San Roke kalean, eta Bergaran Hego Haizea eta Meta Milonga taldeen emanaldiaz gozatu zuten.

San Roke eguna lagun artean ospatu zuten atzo, abuztuak 16, Elgetako San Roke kalean. Izan ere, lehen Elgetako jai nagusiak Andra Marietan izaten ziren, baina abuztuan jendeak herritik alde egiten zuenez, aurreratu egin zituzten. Hala ere, duela 10 bat urte gutxi gorabehera tradizioa berreskuratu zuten, eta San Roke egunerako egitarau polita prestatzen dute elgetarrek.

San Roke ermitako ohiko mezaren ostean urteroko trikipoteoaz gozatzeko aukera izan zuten hainbat elgetarrek, eta ondoren trikitiarekin eta panderoarekin girotuta herri bazkaria izan zuten 60 bat lagunek. Bazkal ostean dantza egitera animatu ziren hainbat.

Bergaran ere San Roke eguna ospatu zuten atzo. San Roke da Bergarako patroia, eta egunaz gozatzeko, arratsaldeko 8etan Hego Haizea eta Meta Milonga taldeek emanaldiak eskaini zituzten Irala kalean. Sebastian Ostarroz eta Joana Ortegak osatzen duten Hego Haizeak taldeak Argentinako eta euskal musikako hainbat doinu eta erritmo nahastu zituen, eta Meta Milonga taldeak tangoa, eta beste dantza argentinar batzuk eta folklorea jarri zuen oholtza gainean

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak