"Ekintzaile eta enpresari nekaezin, Gipuzkoaren eta, oro har, euskal gizartearen garapenaz gain, euskal kultura eta hizkuntzaren bultzagile izan da Zelaia bere bizitza osoan zehar. Konpromiso sendoa, eskuzabala eta eraginkorra erakutsi du euskara, euskal kultura eta kirola indartzeko martxan jarritako hainbat eta hainbat egitasmorekin. Egindako lan horrengatik guztiagatik, beste behin ere gipuzkoarron esker ona erakusteko unea da hau", adierazi du diputatu nagusiak.
"Ibilbide emankor eta konprometitu" hori dela-eta, Gipuzkoako Urrezko Domina –erakundeak ematen duen sari edo ikur nagusia– jaso zuen Zelaiak 2003an. "Gipuzkoar gizartearentzat pertsona eredugarria izan delako bere bizitzan zehar Gipuzkoarekin, gipuzkoarrokin eta Euskal Herriarekin”, adierazi du Diputatu Nagusiak.