Cegasa, Tuboplast eta Hidronor enpresetako presidente izan zen Zelaia. Enpresari moduan izan zuen ibilbide oparoaz gainera, euskararen eta euskal kulturaren defendatzaile sutsua izan zen; Ikastolen edo UZEI Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxearen sorreran modu aktiboan hartu zuen parte, besteak beste. Euskal literaturaren arloan, Juan Zelaia Saria atera zuen Pamiela argitaletxeak haren omenez.
Horrez gain, kirolaren munduarekin ere lotura zuzena izan zuen, eta horren adibide da 1974an Ikurrina Everest mendatera igotzeko saiakera egin zuen Tximist espedizioa.
Era berean, Zelaiak oso harreman estua izan zuen euskal diasporarekin. Bere garaian adierazi zuenez, bizitza erdia baino gehiago egin zuen Amerikan edo Europan zehar:"Ni neu ere diasporako beste euskaldun bat gehiago naiz". Euskal Fundazioaren sortzaile, aurrez aipatutako eta bere izena daraman Juan Zelaia saiakera beka eta musika sorkuntzarako beka bat ere sortu zituen.
Bestalde, ardogintzaren munduan ere ekarpen handiak egin zituen Zelaiak. Getariako txakolinaren jatorrizko izendapena Gipuzkoa osora hedatzeko lanean aritu zen buru-belarri.
Egindako lanari errekonozimendua
Errekonozimenduei dagokienez, 2000. urtean Sabino Arana Saria eta Eusko Jaurlaritzaren Lan Onari aitortza eman zioten. Bi urte beranduago, 2002an, Gipuzkoako Diputazioaren Antton d’Abbadia saria jaso zuen eta 2003an, Gipuzkoako Urrezko Domina eman zion orduko Ahaldun Nagusi Joxe Juan Gonzalez de Txabarrik.