Burgosko Itzulia ezin da hiru lasterketa handien artean kokatu, ez dauka-eta Giroko, Tourreko edo Espainiako Itzuliko mailarik. Baina ezin da ahaztu aurtengoan World Tourreko 13 talde lehiatu direla eta Alberto Contadorrek irabazi duela itzulia. Hala ere, ez da dena Contadorren Tinkoff taldean edo Danny van Poppelen Sky-n geratu. Euskal txirrindularitzak protagonismo handia izan du bost eguneko itzulian, eta euskaldunen artean izen propio aipagarriena izan da Bergarako Eneko Lizarralderena. Egindakoa barneratu berri, Bergaran egin dugu hitzordua txirrindulari gaztearekin.
Edozein sari ere, garesti
Lizarraldek nabarmendu du maillot urdina hirugarren etapan eskuratu ostean mantentzea garesti egon zela: "Uste nuen bigarren mailako sariak eskuratzeko ez zela lehia handirik egongo; harritu egin nau ikusteak nola Italiako Giroan edo Frantziako Tourrean etapak dituzten ziklistek lehia horretan ere sartu ziren. Horrek balio handiagoa ematen dio lorpenari".