Kulturartekotasunaren adierazle esanguratsua da aurten 42. aldiz egingo duten Portugaleteko Folklore Jaialdian. Uztailaren 17tik 31ra bitartean, Mazedoniako, Serbiako, Txileko, Argentinako eta Hegoafrikako dantza taldeak gonbidatu dituzte Euskal Herrira.
Portugaleteko oihartzuna helduko da Debagoienera ere; Arrasatera Argentinakoak etorriko dira, eta Bergarara, berriz, Hegoafrikakoak.
Herritik nazioartera saltoa
Elai Alai dantza taldeak antolatzen du jaialdia, erakunde publikoen eta pribatuen laguntzarekin; hala ere, azpimarratzekoa da alboan duten 150 kolaboratzaile baino gehiagoren ezinbesteko jarduna.
Frantziako Amelie-les-Bainseko jaialdian (1971) dantzatu ondoren sartu zitzaien Portugaleten, jaioterrian, antolatzeko gogoa. “Lehenengoa oso xumea izan zen; Argia taldea eta Frantziako talde bat izan ziren bakarrik. Geroago, -Trantsizio garaian- jaialdia bertan behera geratu zen eta 1980. urtean berreskuratu genuen. Harrezkero, urtero egin dugu. Gaur egun, Estatuan erreferente gara eta Europan ere hala izateko bidea egiten ari gara”, azaldu du Ana Carbajok, antolatzaile taldekoak.
Dantza tradizionalak
Herrialdeak errepikatu badituzte ere, dantza taldeak ezberdinak izateko ahalegina egiten dute Elai Alaikoek. Hala ere, ez da beti samurra izaten; bisatuak lortzeko trabak izaten dira. Seina emanaldi lotu dizkiete talde bakoitzari; jaialdirako gastuak ordaintzen dituzte, bide batez, horrela.
Gonbidatzen dituzten dantza taldeen ezaugarriak askotarikoak dira. Themba Njilo Fundazioarena da Bergarara datorrena; egoera baztertzailean bizi diren haurrekin lan egiten duen elkartea da. Dantza zuluak egiten dituzten hemezortzi dantzari gazte dira eta Gospel kantuak abesten ere oso trebeak. Arrasaten saioa eskainiko dutenak, berriz, Argentinako musikak eta dantzak hedatzen ari den arte-konpainia da. Dantzariek, musikariek eta aktoreek osatzen dute taldea; argentinarren izateko moduarekin bat eginda, euren sustraiak eta euren giza-paisaia ezagutaraztea dute helburu.