Debagoieneko aktore eta sortzaileak Donostia 2016 egitarauaren ekitaldietan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko uzt. 15a, 12:27

Mikel Laskurain, ezkerretik bigarrena, 'Gabon, Txirrita' antzezlana aurkezten.

Martitzenean aurkeztu zuten Mikel Laskurain bergararrak Miren Gojenolarekin batera zuzendu duen Gabon, Txirrita proiektua. Xabier Letek orain dela 34 urte idatzitako izenburu bereko lanean oinarrituta dago, eta bertsolariari eginiko epaiketa bat irudikatzen du, umorezko tonuan. Irailaren 10ean estreinatuko dute.

Laskurainek, baina, beste proiektu bat du egunotan esku artean: William Shakespearek idatzitako Uda gau bateko ametsa lan ezagunaren moldaketan ari da parte hartzen. Donostiako Cristina Enea parkean egiten dute, gauero, emanaldi bana: ekainaren 21ean hasi ziren eta  uztailaren 24ra bitartean egingo dituzte. Obra jarraitzeko modua berezia da: batetik, publikoa ez delako ikusle soila; protagonisten ezkontzako gonbidatuak dira. Eta bestetik, antzezlana ibiltaria delako; Cristina Enea parkeko hainbat tokitan garatzen dute. Txoko horietako batean dago Bergarako aktorea, komikoaren paperean sartuta.

Gabilondo ere zuzendari

Asteon aurkeztu duten Treblinkara azken trena antzezlanak ere Debagoieneko ukitua du: Mireia Gabilondo bergararrak zuzendu du, eta Mikel Laskurain herrikidea eta Kepa Errasti aretxabaletarra daude aktoreen zerrendan. Janusz Korczak pedagogo judutarraren bizitza eta heriotza du lanak oinarri. Urrian estreinatuko dute.

Adiorik gabe ekimena ere Gabilondok zuzendu du, Iñaki Salvador, Teresa Calo eta Joxan Goikoetxearekin batera. Indarkeriaren biktimei buruzkoa da. Uztailaren 2an estreinatu zuten eta irailaren 25ean egingo dute hurrengo emanaldia.

'Kalebegiak'-en, Asier Altuna 

Hamabi film laburrez osatutako film luzea da Kalebegiak. Eskarmentu handiko zuzendariek egin dute, horietako bat da, Altuna bergararra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak