Debagoieneko hondakinen gaikako bilketa % 80,85ekoa izan da maiatzera arte

Xabi Gorostidi 2016ko uzt. 12a, 15:41

Elgetako, Eskoriatzako, Bergarako eta Debagoieneko gaikako bilketaren datuak emateko prentsaurrekoa egin dute gaur goizean. Bertan, datuek hobera egiten jarraitzen dutela adierazi dute, leku gehienetan %80tik gora egoteraino.

Gaur goizean, Mankomunitateko egoitzan egindako agerraldian, Elgetako, Eskoriatzako, Bergarako eta Debagoieneko ordezkariek hondakinen gaikako bilketaren datuak eman dituzte. Datu gehienek hobera egin dute orokorrean, eta herritarrak zoriondu dituzte lorpenagatik.

Debagoiena mailan 2016ko urtarriletik maiatzera gaikako bilketa %80,85ekoa da. Iazkoa maila baino hiru puntu altuagoa eta Gipuzkoako baino %30 puntu altuagoa. "Gure datuak ezin daitezke Gipuzkoakoekin alderatu. Gipuzkoa mailan bost puntu igotzea, ezin daiteke gure bailarako igoerekin konparatu.  %80tik gorako bilketa mailan zaudenean, edozein igoera txikik asko balio du. Beste maila batean ari gara" adierazi du Unai Elkoro Debagoieneko Mankomunitateko lehendakariak.

Horretaz gain, Ecoembes erakundeak Debagoieneko 2015eko datuen txostena kaleratu du. Bertan, ontzi arinen eta paper-kartoien birziklapenaren xehetasunak azaltzen dira. 2014tik hona ontzi arinen bilketa %32,22 igo da eta paper-kartoiena aldiz %14,5. 2015ean Debagoieneko biztanle bakoitzak 28,2 kilo ontzi arin eta  33,6 kilo paper-kartoi birziklatu ditu. Ontzien kasuan, EAEko datuaren bikoitza da (14,2 kg) eta Espainia mailakoaren hirukoitza (8,9 kg).


Ingurugiroko onurez gain, ondo birziklatzeak baditu onura ekonomikoak ere. Datu on horiei esker, ontzi eta paper-kartoien birziklapenak eragiten dituzten diru sarrerak %22,1 egin dute gora. 2014ean  787.727 eurokoak izan ziren eta 2015ean, aldiz, 961.712 eurokoak. Horri esker hondakinen tasak bere horretan mantentzea lortuko dela uste dute Mankomunitateko ordezkariek

Herrika, denek lortu dute daturik onena maiatzean. Bergarako kasuan, %83,81ko bilketa maila lortu dute maiatzean. 2016ko batezbestekoa %82,47koa da. Iazko datuarekin alderatuta bi puntu eta erdi hobeagoa da. "Ez dugu inoiz horrelako gaikako bilketa maila alturik izan eta oso pozik gaude. Sistema aldaketak erosotasuna ekarri die bergararrei eta horrek datuek gora egitea eragin duela uste dugu. Herritarren lana goraipatu behar da eta eskerrak eman behar zaizkie lortutako emaitzengatik" adierazi du Elena Letek.

Elgetan ere datuak onak dira. Datu onena maiatzean lortu dute %83,21eko mailarekin eta urteko batezbestekoa 80,21ean kokatzen da. Iazko datua baino ia hiru puntu handiagoa. Sebas Arantzabal ingurumen zinegotziak herritarrak zoriondu ditu eta aipatu du Gipuzkoa mailan era horretako datuak lortuz gero, erraustegia ez litzatekeela beharrezkoa izango.

Eskoriatzako kasuan, iazko batezbestekoarekin alderatuta % 0,3 egin du behera. Kontuan izan behar da apirilean sistema aldaketa egin berri dutela. Hala ere, "apiriletik maiatzera bilketa datuak puntu bat egin du gora" azaldu du Jose Ramon Zubizarretak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak