Euskal Herriko askotariko txokoetako eta profiletako ordezkariak daude jaialdian parte hartzen, eta horien artean debagoiendarrak ere bai: Bergarako Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoa eta Jesus Mari Lazkano margolaria.
Euskal dantzekin txundituta
Uztailaren 11n itzuliko da etxera Aukeran dantza taldeko Muruamendiaraz. Hitzaldiak, dantza saioak eta tailerrak egiten ari dira jaialdian, eta baita bestelako ekitaldietan parte hartzen ere. "Harrituta gaude zenbat jende hurbildu zaigun euskal dantzen inguruan galdezka. Dantza tailerretan hainbat dantza erraz erakusten saiatu gara. Aukeran dantza taldearen emanaldiek ere erantzun ikaragarria izan dute. Bestelako saio bereziak ere egin ditugu: jaialdiaren hasierako ekitaldian Kepa Junkerarekin batera; Kongresuko liburutegian Ohorezko Agurra; Kennedy Centerren Klaperttarrak taldearekin ordubeteko saioa... Bereziki gogoan dudan unea Kapitolio atzean dantzatu genuen Ohorezko Agurra da; Gernikako Arbolaren kimu txiki bat landatu zuten ekitaldian izan zen. Ondoren, Jesus Mari Lazkano herrikideak eta biok lurra bota genion landatutako zuhaitzari elkarrekin", dio dantzariak.
Arrasatear bat, itzultzaile
Orain dela sei urte AEBetan bizi den Unai Nafarrate arrasatearra aurkezle eta itzultzaile lanetan ari da jaialdian. Esperientzia paregabea bizitzen ari dela dio. "Askotariko taldeen ekitaldiak aurkeztu ditut, baina, batez ere, Iturengo Joaldunekin izan naiz. Jende mordo bat ezagutzen ari naiz eta egunero asko ikasten ere bai. Jaialdira hurbiltzen ari diren amerikarrek interes handia erakusten dute gure kulturarekiko, eta orokorrean, gure herrialdearekiko. Euskal Herriaren berri izatea gauza berria da askorentzako. Bi herrialdeen arteko zubia eraikitzea oso lan polita dela uste dut", kontatu du Arrasatekoak.