"Oso futbolzaleak dira Leganeskoak, harmailak bete egiten zituzten Bigarren B mailan ginenean"

Xabier Urtzelai 2016ko uzt. 8a, 09:39

Asier garitano, aste barruan, Bergaran.

Bergaran, etxean, eroso dagoela ikusten zaio Asier Garitanori (Bergara, 1969). Herrikideak agurtu, Udal pilotalekutik Usondo parkera paseoa egin, eta handik Zubieta kalera, Zubitxara. Irailetik aurrera Zidanen Real Madrilaren, Luis Enriqueren Bartzelonaren edota Eusebioren Realaren kontra neurtuko ditu indarrak: "Talde batek ere ez dit aparteko ilusioa egiten, guztien kontra jokatu gura dut". 

Zer moduz oporrak? Atseden egunak bai, baina telefonoa jo eta jo ibili da...

Oso ondo, gustura etortzen naiz Bergarara, lagunekin egon, amaren urtebetetzea ospatu... Baina bai, atseden aktiboa esaten zaion honi, taldea sortzen ari garelako eta gauza mordoa aldatu behar ditugulako. Eta halaxe nabil, egun osoa telefonoan.

Zer moduz San Martzialetan?

Ederto, San Martzialetan beti ibiltzen gara ondo, giro ona, herritarrak pozik... 

Dagoeneko hilabete pasa da Leganes taldearekin mailaz igo zinetenetik. Ospakizun ikusgarriak egin zenituzten, Leganes osoa plazan zure izena oihukatzen... Zelan kudeatzen da hori?

Ez da erraza, ez genuelako halakorik espero. Besteen ospakizunak askotan ikusi izan ditugu telebistan, baina norbera ez da jabetzen zelako ilusioa sortu dugun jende askorengan. Ederra izan zen horrenbeste jende pozik ikustea, esperientzia ederra. 

 Duela hilabete 'Puntua'-n egindako elkarrizketan ez zenuen zehazten taldean jarraituko zenuen ala ez. Eta, futbola oso esker txarreko kirola da...  

Bai, bertan jarraituko dut. Beste urtebeterako kontratua neukan, baina kategoriaz igota ikusi egin behar zen taldeak ze asmo zuen, ze asmo nuen nik... Baina bai, beste urtebete gehiagorako sinatu dut, horrenbestez, bi urtez izango naiz Leganesen. Etxean moduan nago, taldearekin batera egin dut nik gora, eta oso pozik nago. Talde aproposa da Lehenengo Mailan estreinatzeko.    

Futbola esker txarrekoa dela aipatu dut, ikusi zer gertatu zaion ondo ezagutzen duzun Jose Bordalasi. Alavesekin mailaz igo, eta ez du Gasteizen jarraituko.

Bai, bost urtez izan nintzen harekin, lehenengo jokalari moduan, eta ondoren entrenatzaile laguntzaile. Ondo dakit zenbat lan egin duen aukera hau izateko, eta liga irabazi dute gainera. Baina halakoxea da futbola, eta entrenatzaile moduan barneratuta izan behar dugu halakoak gerta daitezkeela. Naiz eta norberari gertatzen zaionean ez den batere erraza, ilusio handia izaten dugulako proiektu berriari heltzeko.    

Zelako taldea da Leganes? 

Talde orekatua izan dugu, jokalari azkarrekin, eta partiduetan erritmo handiz jokatu dugu. Jokalarien abiadura hori aprobetxatu beharra zegoen, hori zen gure ezaugarria; horretan asmatu egin dugu. Orain, ikusi egin behar Lehenengo Mailarako zelako jokalari ekartzeko gauza garen.    

Izan ere, Bigarren Mailako jokalari guztiek ez dute Lehenengo Mailarako balio, ala?

Halaxe da. Oraingoz iazko hamaika edo hamabi jokalarirekin hasiko dugu aurre-denboraldia, eta liga hasiera gerturatu orduko beste horrenbeste fitxatu beharko ditugu. Horiekin asmatzea ezinbestekoa da, Lehenengo Maila beste kontu bat delako. 

   Rayo eta Getafe, biak jaitsi izanak mesede egiten dizue Madrilen talde horiek utzitako hutsunea betetzeko? Bertako jokalariak erakartzeko?

Ez pentsa, kontratua dutenek talde horietan jarraituko dutelako, edo nabarmendu direnak kanpora joango direlako. Garbi daukagu kosta egingo zaigula jokalariak fitxatzea. Bigarren Btik Bigarren A mailara igo ginenean berdina gertatu zitzaigun, kategorian berriak ginen eta inork ez zuen etorri gura. Aurten, berriz, guk gura genituen jokalariak ekarri ditugu, eta Lehenengo Mailara igo gara. Orain, ostera ere kosta egingo zaigu jendea konbentzitzea, baina barneratuta daukagu.    

Zelako zaleak ditu du Leganesek? 

Oso futbolzaleak dira. Bigarren B mailan bete egiten genuen futbol zelaia. 8.000 lagun ziren, ez dira asko, baina kategorian beste inork ez zuen lortzen halakorik. Orain futbol zelaia handitzeko obretan dabiltza, entrenatzeko ez ditugu Alavesek edo Osasunak dituzten kirol instalazioak; hor ere pazientzia beharko dugu. Hori bai, agortuta daude bazkide abonu guztiak.    

Realzalea txikitatik, Athletic-a ere bihotzean... Eta, entrenatzaile moduan etortzea? 

Horiek ametsak dira, baina horretarako oso ondo egin behar dira gauzak, zaila delako Lehenengo Mailako entrenatzailea izatea, eta anbizioa behar da. Oso zaila da, garbi daukat hori, baina, ilusio hori ez dugu galduko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak