Urretxindorrak: "Aitorren hizkuntz zaharra'-k sekulako fama ekarri zigun"

Maite Txintxurreta 2016ko uzt. 8a, 08:31

Olabarria, Narvaez, Bikuña eta Unamuno.

Bihar, zapatua, jaialdi batekin omenaldia egingo diete Urretxindorrak talde ezaguneko kideei.

Taldearen sorreratik mende erdi pasa dela eta, jaialdi berezia izango da bihar 19:30etik aurrera Udal Pilotalekuan egingo dena. Herriko hainbat taldek hartuko dute parte, eta egun batez Urretxindorrak itzuliko dira agertoki gainera. Emanaldian, Xabier Olabarriak beteko du 2005ean zendu zen Raul Calvoren hutsunea.

Nola hartu duzue herriak zuei omenaldi bat egin nahi izatea?

Gotzon Bikuña: Harriduraz eta urduritasun handiz. Sorpresa handia izan da horrenbeste urte pasa eta gero jendea oraindik gutaz gogoratzea.

Urretxindorrak hasieratik egon da euskararekiko konpromisoarekin lotuta, baita ikastolekin ere.

Juan Mari Narvaez: Lehenengo aldiz egin genuen kantuan Bergaran antolatu zen ikastolen aldeko jaialdi batean. Benito Lertxundirekin eta Xabier Leterekin abestu genuen, besteak beste, eta oso ondo atera zen. Handik astebetera Oñatira joateko dei egin ziguten, eta horrela hasi ginen, poliki-poliki.

Zentsura ere pairatu zenuten.

G.B.: Garaiko abeslari guztiek genuen arazo bera. Kantaldi batean jo aurretik, kantu zerrenda bat bidali behar zen, eta poliziak baimena eman behar zuen. Gero, kantaldiaren egunean poliziak etortzen ziren eta esaten zuten: "Abestu behar dituzue lehenengoa eta bosgarrena", adibidez. Gainera, kontrolatzen egoten ziren. Zehatz-mehatz bete behar zen. Bizpahiru jaialditan kantu guztiak debekatu zizkiguten.

Pasadizo bat ere baduzue Aitorren hizkuntz zaharra kantuarekin, ezta?

J.M.N.: Guretako, abestirik onena zen, sekulako fama eman zigun. Gogoan dut Lekeitioko jaialdi batean jo genuela eta jendea berotu egin zela, eta denok atera ginen manifestazioan. Bestetik, esan ziguten kantu hori zela grabable pero no radiable; hau da, ezin zela irratian ipini.

Zuen ahotsak oso ezagunak dira jende askorentzat.

Julio Unamuno: Nik uste dut gure ahotsak dezente entzundakoak direla, eta jendeak buruan sartuta dituela. Ahotsa entzutearekin bakarrik identifikatzen gaituzte askok.

Raul Calvo gogoan izango duzue urteurren honetan?

J.U.: Bai, noski. Bera izan zen piezarik onenetakoa gure artean. Musikak eta letrak egiten zituen, baita tokiaren araberako moldaketak ere... Oso dinamikoa zen, pertsona ona, eta langile eta taldekide bezala ere oso ona zen.

Xabier [Olabarria], umetatik izan duzu Urretxindorrak-ekin lotura.

Bai, etxera etortzen ziren nire aitarekin [Dionisio Olabarria] entseguak egitera. Beti etxean ikusteaz gogoratzen naiz. Ordutik, beti izan ditut euren zintak eta diskoak etxean. Harreman estua izan dugu etxean beraiekin. Horregatik, niretako, plazer handia da beraiekin batera kantuan egin ahal izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak