Errauste plantaren aurka daudela eta Zubietan egin asmo dutena "gelditzera" doazela eta "bizitza zentroan" jarriko duen beste "jendarte eredu" bat bultzatu nahi dutela nabarmendu dute mugimendukoek egin dituzten batzarretan. Atzo Arrasaten egin zuten lehen Bizipoz Turrean aldarrikapen horiek kalerik kale zabaldu zituzten.
Honako bost puntutan laburbiltzen dute Debagoiena Zutik mugimendukoek haien helburuak:
- Erraustegia eta zabortegia gelditzera goaz.
- Bizitza zentroan jarriko duen jendarte eredu bat bultzatu nahi dugu.
- Gaur egungo bizitza ereduari alternatibak eskaini nahi dizkiogu.
- Borroka ezberdinen elkargune izan nahi dugu.
- Boterea indargabetu eta herrigintza ahalduntzera goaz.
Testu bat ere bidali dute hedabideetara. Honakoa da:
Hemen ez da ezer amaitzen
"Zubietako errauskailuak 1.200.000.000 euroko kostua izango du. Eta gipuzkoarron poltsikotatik ordainduko dugu. Debagoienean lortu dugun %80 inguruko birziklapen maila Gipuzkoa osora hedatuz gero, ordea, ez genuke zabortegi kutsakor eta erraustegi toxikoen beharrik izango.
Alde batetik, Epeleko zabortegiaz hitz egiten ari gara. Zabortegiaren kalifikazioa aldatu eta Gipuzkoa osoko zabor guztia guk pairatuko dugu. Bestalde, Zubietako erraustegian errefusaz gain mota guztietako hondakin birziklagarriak erreko dira eta bertan sortuko diren errauts toxikoek eta airera zabalduko diren partikula kutsagarriek, besteak beste, minbizia garatzeko arriskua handituko dute.
Argi dugu zein den arazo potoloa: gure bizitzen aurka doazen eta mundu mailan aplikatzen ari diren politika hauek, hain zuzen, troikak inposatzen dituen politika hauek, hemen EAJ eta PSEren Aldundiak jartzen ditu indarrean.
Guk, debagoiendarrok, Gipuzkoako beste herritarrekin batera azpiegitura txikitzaile eta kutsakor hauek biak gelditu nahi ditugu. Sinisten baitugu beste alternatiba batzuk garatu daitezkeela.
Gipuzkoa mailan 3 astez eta Debagoienean 3 egunez, elkartu garen guztion artean ikusi dugu posible dela. Indarrez gaude. Debagoiena Zutik-ek herrietan lanean jarraituko du. Hemen ezer ez da amaitzen! Datozen hilabeteetan burutuko dugun Bizipoz Turrera gonbidatu nahi zaituztegu eta iraila sorpresaz beteta etorriko da!
Hau gelditzea posible da. Ustelak lurpera!!! Bizitza erdigunean kokatzea erabaki dugu.
Ez gaitezen lo geratu urrian Zubietako errauskailuaren obren esleipena dator eta. Debagoiena zutik, orain ala inoiz!".