goiena.eus

Hiru proiektu landu dituzte Almen guneko ikasleek azken bi asteotan

  Hezkuntza  Aretxabaleta  Eskoriatza

Monitore arduretan, ikastetxeko jolas esparruen hobekuntza lanetan eta ikus-entzunezkoa gertatzen jardun dute ekainaren 8tik 16ra Arizmendi ikastolako Almen guneko DBHko 4.mailako 26 ikaslek.

Hiru proiektu landu dituzte ikasturtea bukatu aurreko asteetan Almeneko 15 eta 16 urte arteko ikasleek; horien artean dago guneko jolas esparruen hobekuntza.

Arkitektura-tailer gisa antolatu den proiektua, materialen berrerabileran eta birziklapenean oinarritu da eta bi fase nagusi izan ditu. Lehenengo astean, ezagutza eta diseinu fasean aritu dira ikasleak, eta bigarren astean, berriz, gauzatze faseari ekin diote.

Proiektua behaketa eta neurketa lanekin hasi zuten, eta Torrebasoko gunea ikuspegi ezberdinetatik aztertu zuten: materialaren egoera, koloreak, erabilera ezberdinak, etab. Almeneko txikiek atsedenaldian nola jolasten duten ere aztertu zuten, eta beraien interesen inguruko galdeketa bat ere prestatu zuten.

Egungo egoera aztertu ondoren, diseinu-fasean aritu ziren bi egunetan. Talde txikietan banatuta, ikasleek Torrebasoko eta kiroldegi azpiko guneak hobetzeko hainbat ideia interesgarri proposatu zituzten. Azkenean, guztien artean adostutako zazpi ideia aukeratu ziren, eta materiala, koloreak, egitura eta loturak zehaztuz, proposamenen garapena egin zuten. Ideia ezberdinak azaldu ahal izateko, 3Dtako irudikapen digitalaz, collage-a bezalako teknikez edota irudikapen teknikoaz baliatu ziren.

Bobina industrialak, gurpilak eta zakarrontzi zaharrak bezalako materialen berrerabileran oinarrituta eta egungo zabuen egiturak aprobetxatuz, proposamen politak egin dituzte ikasleek: gurpilekin egindako eskalatzeko egitura, lurreko jolasak, mahai eta eserlekuak, zuhaitzen artean kokatutako hamaka edota gurpilez egindako mendixka esaterako.

Monitore lanak

Bestetik, monitore lanetan jardun dute. Jose Arana eta Basabeazpi guneetako umeak izan ziren Almenen gunea ezagutzen eta hainbat ekintza eta jolas egin zituzten.

Hainbat dira ikaslek Jose Aranako umeekin pare bat egun pasatzea nahi dituzte eta horretarako prestatzen jardun zuten. Bi egun horiek Jose Aranako umeekin pasatu aurretik hainbat urrats eman behar izan zituzten: batetik, umeen ezaugarriak ezagutu; eta bestetik, jolas berriak asmatu.

Horrez gain, zaharren egoitzara ere egin zuten bisita; izan ere, umeak ez dira laguntza edo zaintza behar duten bakarrak. Horiekin egun polit bat pasatzeko hainbat kontu prestatu zituzten: ezaugarrien berri izan, ekintzak asmatu… Paseatzera ere atera zituzten eta bai adindunek, bai ikasleek oso ongi pasatu zuten.

Ikus-entzunezkoa

Poloniako lehiaketa batera aurkezteko kooperatibaren gaineko bideo bi egiten jardun dute bi taldek. Batzuk Arizmendiarrietaren inguruan egin zuten bideoa; eta besteek, berriz, bailarako kooperatiben ingurukoa.

Hori egiteko gai horien gaineko informazioa eskuratu behar izan dute, eta horretarako museo batera ere joan dira, Arizmendiarrietaren museora, hain zuzen ere. Bideoak, gainera, ingelesez izango dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Hiru proiektu landu dituzte Almen guneko ikasleek azken bi asteotan - 1

Hiru proiektu landu dituzte Almen guneko ikasleek azken bi asteotan - 2

Hiru proiektu landu dituzte Almen guneko ikasleek azken bi asteotan - 3

Hiru proiektu landu dituzte Almen guneko ikasleek azken bi asteotan - 4

Hiru proiektu landu dituzte Almen guneko ikasleek azken bi asteotan - 5

Hiru proiektu landu dituzte Almen guneko ikasleek azken bi asteotan - 6

Hiru proiektu landu dituzte Almen guneko ikasleek azken bi asteotan - 7

Hiru proiektu landu dituzte Almen guneko ikasleek azken bi asteotan - 8

Hiru proiektu landu dituzte Almen guneko ikasleek azken bi asteotan - 9

Hiru proiektu landu dituzte Almen guneko ikasleek azken bi asteotan - 10

Erantzunak

Erantzuna | #1

Oso proiekto interesgarria, haur jolasetara bideratutakoa baina nerabeak gauzatuta. Zorionak gidaritza lanetan ibili den Ahinitze Errastiri. Txalogarria!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa