Aurtengo denboraldia geroago eta borobilagoa izan dadin pauso sendoak ematen dabil Xabier Murgiondo oñatiarra. Gazte mailako ziklistak Deban eta Uzarragako Igoeran –Antzuola– jaso ditu besoak, eta beste hainbat lasterketetan aurrean ibili da, etxean antolatutako Gipuzkoako klasikoan, esaterako.
Garaipenaren atarian geratzeak sorrarazten duen amorrua ere hainbatetan bizi ahal izan du, esaterako, duela gutxi antolatutako Arantzazuko Igoeran [Bideoa], edo joan den astean Urretxun egindako Gipuzkoako errepideko lasterketan [Bideoa]. Bietan podiumean izan zen Oñatikoa, eta horiek irakaspen ederrak dira.
Baina, martitzenean pauso bat aurrera eman eta Ulmako mutilak erlojuaren kontra ere ondo moldatzen dela erakutsi zuen, Aizarnazabalen irabazita. Ia 15 kilometroko zirkuituan segundo batengatik irabazi zion bigarren sailkatu zen Mikel Azparreni. Hirugarren, berriz, Antzuolakoa izanda ere Oñatiko elastikoarekin lehian dabilen Mikel Arregi sailkatu zen. Arregik oraindik ez du aurten garaipenik eskuratu, baina antzuolarra ere aurreko postuetako saltsan sartuta ibiltzen da ia lasterketa guztietan.
Eta, seigarren postuan Ulmako beste taldekide bat sailkatu zen, Ekaitz Txintxurreta.