Ajerik bai?
Ez, atzoko –martitzena– ospakizunak lasaiagoak izan ziren. Taldekideok etxekoekin eta Athleticeko zaleekin batera ospatu gura izan genuen liga txapeldun ginela, eta Begoñako elizan edo udaletxeko balkoian bizi izandako momentuak sekulakoak izan ziren. Benetako parranda domekan egin genuen [Barre].
Egun hauetan bizi izandakoa errepasatuta, ze momentu duzu gogoan?
Egun hauetako taldekideen eta zaleen poztasun aurpegiekin geratzen naiz. Domekan polita izan zen ikustea taldekideak zelan ospatzen zuten liga irabazi izana, eta martitzenean zaleen erantzunarekin geratzen naiz, guretako izugarria izan zen.
Espero zenuten, esaterako, udaletxeko balkoian izandako harreran horrenbeste jende egotea?
Bai eta ez. Batetik, aurreko urteetan Athleticekin beste kirol lorpen batzuk egindakoek –bost liga irabazi dituzte guztira– esaten ziguten baietz, jende asko egongo zela ospakizunetan, baina ez nuen halakorik espero.
Egunotan askok eman dute gabarraren gaineko iritzia. Baina, zer diozue jokalariok?
Bada, jokalariok gura genuen gauza bakarra zen kirol lorpen hau zaleekin batera ospatzea, eta hori atzo egin ahal izan genuen; atzoko eguna ez nuke beste ezergatik aldatuko. Klubak berak antolatutako eguna izan zen, hori euren erabakia izan zen, eta guk gozatu ederra hartu genuen.
Gabarra ateratzearena ez zen jokalarien aldarrikapena izan.
Jokalariok kirol arloaz arduratu gara, eta gureak ez diren arduratan ez gara sartu. Dena dela, klub honek emakumezkoen futbolaren alde egin duen apustua nabarmena da, eta ez da berria. Nik ulertzen dut kalean gai honen gainean eztabaida egotea, baina jokalariok dagoeneko nekatu samar gaude.
Alde horretatik, ze klubetan dabiltza emakumezkoekin lana ondo egiten?
Hainbat talde daude. Bartzelona, esaterako, profesionalizatu egin da aurten eta apustu sendoa egin dute. Jokalariak bertako kirol hirian bizi dira, eta jardun osoa eskaintzen diote futbolari. Eta, badirudi Atletico de Madrid ere apustu garbia egiten dabilela.
Liga luzea izaten dabil, nahiz eta dagoeneko lortu duzuen matematikoki txapelketa irabaztea. Ez da urte erraza izan.
Ez, lehia handia egon delako. Bestalde, taldean lesioak eta halakoak ere izan ditugu eta momentu gogorrak gainditu behar izan ditugu. Uste dut talde honen indarra mentalitatean egon dela, mentalki gogorrak izan garela.
Urte osoan Rayoren kontra baino ez duzue galdu. Zer gertatu zen partidu hartan?
Ez genuen partidu ona egin, ez ginen behar den moduan zelairatu. Baina, behera etorri beharrean porrotak espabilatzeko lagundu zigun. Bartzelona puntu bakarrera gerturatu zitzaigun, baina esnatu egin ginen, eta indarra hartu genuen hor.
Dena dela, lehenengo itzuli ona egin izanak asko lagundu dizue.
Bai, erabakigarria izan zen. Hasieran ez badira lanak ondo egiten ondoren atzetik aurrera etorri beharra dago, eta hori oso nekagarria da. Lehenengo itzuli bikainaren ostean bigarrenean gorabeheraren bat izan dugu, baina ondo eutsi diogu lehen postuari.
Bartzelona bakarrik izan da zuei aurre egiteko kapaz?
Beno, eurak izan dira sailkapenean gehien estutu dutenak, baina hainbat talde daude denboraldi ona egin dutenak: Athletico, Reala, Tenerife... Eta garbi dago edozein berdegunetan galdu genitzakeela puntuak. Bigarren itzulian, batez ere, etxetik kanpora oso partidu gogorrak izan ditugu.
Eta, arlo pertsonalean zelako urtea izan da?
Ona. Iaz baino hobeto hasi ahal izan dut liga, indartsuago, erritmo handiagoaz, baina egia da amaiera luzea egiten ari zaidala. Nire buruarekin oso zorrotza naiz, eta ligako azken txanpa honetara hobeto iristea gurako nuke.
Eta, ze itxura du etorkizunak? Athleticekin jarraitzeko asmotan?
Oraindik ez dugu gai horretaz berba egin. Orain ospakizunekin gozatu gura izan dugu, eta egongo da aurrerago etorkizunaz berba egiteko astia.
Kazetariak orain gogoraraziko dizu dagoeneko jokalari beteranoa zaitugula...
[Barreak] Ez dago gogorarazi beharrik, ondo dakit hori. Partidu baten ostean errekuperatzeko behar dudan denborak gogorarazten dit dagoeneko ez naizela hasiberria.
Eta, zer da geratzen da duela 16 urte Levantera iritsi zen gazte hartatik?
Bada, ez daukat oso garbi. Seguruenik futbolean jokatzen jarraitzeko ilusioa. Izan ere, ilusioa galtzen den momentuan hobe da beste gauza batzuetan hastea. Jokalari moduan, berriz, seguru asko aldatu naizela. Ez dut orduko sasoia, baina urteek ematen duten esperientzia.
Levante, Estudiantes, Sevilla, Rayo Vallecano, Espagnol, eta Athletic. Ez da zerrenda makala.
Ez, futbolari esker batera eta bestera ibili naiz, eta leku guztietan daukat oroitzapen ona. Levanteko urteak ederrak izan ziren, pentsa, kategoria gorenera iritsi berria, gaztea... Oso ondo zaindu ninduten, eta Valentzia aldean oso ondo bizi dira. Estudianteseko urtea nahiko xelebrea izan zen, justu-justu jokatzeko elkartzen ginelako, eta Sevillan ere oso ondo ibili nintzen. Klubaren 100. urteurrena zen eta emakumezko futbolaren aldeko apustua egin zuten; oso urte onak izan ziren, zaleen babes handia geneukan eta liga irabazteko puntuan egon ginen.
Eta handik Madrilera...
Bai, Rayoko lehenengo urtean Erreginaren Kopa irabazi genuen, eta ondoren beste bi liga. Eta egia da tituluak lortu dituzun lekuetan errezagoa dela oroitzapen onak gordetzea. Ondoren Espagnolek egin zuen nire aldeko apustua, eta han beste Erregina Kopa bat irabazi genuen.
Katalunian zeundela iritsi zitzaizun Athleticen eskaintza?
Ez, lehenago [Barre]. Iñigo Juaristik urtero deitzen ninduen Athleticera etortzeko esanaz. Ezetz esan nion hainbat aldiz, nengoen tokian ondo nengoelako. Baina, azkenekoz deitu zidanean baietz esan nion, ez nuela Athleticen jokatzeko aukera galdu gura, eta ez naiz damutzen.