Enduro lasterketetako egutegian tartetxo bat hartuta, Gaes Orbea Crew taldeko Markel Uriarte riderra gertu dago. Haritz Gordo argazkilaria, berriz, azken hilabeteetan gogor ibili da entrenatzen, azken urteotan baztertuta izan du-eta mendiko bizikleta: "Markelekin Anbotoko erreportajea egin nuenean, erdizka geratu nintzen; argazki politak egin ahal izan nituen, baina esperientziak ez ninduen erabat bete. Eta hurrengo proiektuan beste modu batean parte hartu gura nuen. Hala, Hiru Haundiak mendiko bizikleta gainean egitea bururatu zitzaigun".
Aurrean zeukaten erronka ez zen makala: jaitsieretarako pentsatuta dauden mendiko bizikletekin 150 kilometroko ibilbidea, eta tartean Gorbeiara, Anbotora eta Aizkorrira igota. Uriarte ohituta dago bizikleta gainean lehiatzera, baina Gordok prestaketa lanak egin behar izan ditu: "Erabat harritu nau Aritzek. Ni ez nago ohituta halako saio luzeetara, enduro lasterketak 4-5 ordukoak izaten dira, eta zalantzak nituen zelan eutsiko ote nion erronkari. Baina Aritz duela hilabete gutxi hasi da entrenatzen, eta bizikletan dabilen edonork badaki zer den halako distantzia bat betetzea, eta, gainera, tontorretara bizikleta bizkar gainean eramanda igotzea".
Lehenengoa, Gorbeia
04:00etarako bizikleta gainean zeuden Gordo eta Uriarte: "Pare bat ordu hartu genituen Gorbeiara igotzeko, 06:00etan goian egon gura genuen egunsentia harrapatzeko, baina lasai ibili gura genuen, hor zegoen-eta gakoa, eguna lasai hartzea. Egun osoan, sarritan geratu ginen atseden hartzeko, apur bat jateko... Ordu asko geneuzkan aurretik, eta ezin ginen erritmo azkarretan ibili", dio Gordok. Eta Uriartek gaineratu du: "Gorbeia erraz igo genuen, fresko geunden, eta gogotsu. Tontorrera igo eta zerua garbi zegoen, eta behean lainoa.
Gorbeian, 06:00ak aldera, eguzkia noiz irtengo zain.
Gorbeiako tontorra atzean utzi, eta jaitsieran. Hurrengo erronka, Anboto.
Hala, Gorbeiako gurutzetik Anboto eta Aizkorri ikusten genituen, eta inpresioa ematen zuen aurretik zer geratzen zitzaigun ikusteak". Eta Gorbeiatik Anbotora. "Han koinatua geneukan zain", dio Gordok. "Eta nire bizikleta gorde zuen behean, Anboton Markeli erretratuak egin ahal izateko". Hala, bazkalordurako Landan zeuden, eta, indarrak berreskuratu orduko, Aizkorri aldera hartu zuten: "Berez, bidearen erdia baino gehiago eginda geneukan, baina erdia baino ez genuela egin geneukan buruan; izan ere, eguraldiak txarrera egin behar zuen eta nekea igartzen hasi behar genuen".
Anbotora bidean, 11:00ak pasatxoan igo ziren gora.
Anbotoko tontorrean egindako erretratua.
Eguneko bi protagonistak, aurrez aurre. "Oraingoan ez dugu denbora askorik hartu erretratuak ateratzeko".
Baita igarri ere. Aizkorrin larri ibili ziren: "Ur barik, Urbiako fondaraino joan behar izan genuen, eta Aizkorrin ekaitzak harrapatu gintuen. Euria, haize zakarra eta hotza. Bizikletak bizkarrean hartuta gogorra egin zitzaigun igoera. Nik Markeli ez nion ezer esan gura, baina zorabiatuta iritsi nintzen gora. Eta tontorrean aitortu zidan bera ere berdintsu zegoela. Baina, badaezpada, biok isilik [Barre]". Aizkorrin, baina, atertu egin zuen, eta jaitsiera ondo egin ahal izan zuten: "Gorputzari buelta modu harrigarrian eman genion ostera ere. Senitartekoekin hitzordua eginda geneukan Araia aldera gure bila etortzeko, baina, ondo geundela ikusita, Arantzazura jaitsi eta etxera bizikletan etortzea erabaki genuen". Hala, 150 kilometro, ia 18 ordu –pedalei eragiten 12 ordu eta erdi– eta 4.000 metro inguruko desnibel positiboarekin amaitu zuten abentura.
Aizkorri gainean egindako selfie-a, ekaitzaren ondoren etorri zen barealdia.
Materiala ondo aukeratu behar
Abentura erretratuetan jaso gura zuten, eta Gordok hor izan zuen buruhauste handia, materiala aukeratzeko orduan zer baztertu: "Kirol argazki saioak egiteko motxila handia eramaten dut aldean, hainbat argazki kamera, objektiboak... Material asko behar da. Baina, oraingoan, ez zen posible, ondo aukeratu behar nuen dena eta hori erronka izan da niretako".
Hala, kamera bakarra eta pare bat objektibo hartuta, izugarri murriztu zuen soinean eraman beharreko pisua. Eta, hala ere, motxila handiak zeramatzaten: "Bestalde, argazkiak egiteari ezin genion denbora luzerik eskaini. Erretratuak non egin pentsatuta geneukan, eta egunsenti eta iluntzeak non harrapatuko gintuen ere bagenekien. Hala, oraingoan, esperientzia bizitzeak izan du lehentasuna, eta ez erretratuek". Lagunartean egindako bizikleta buelta bat, azken batean. Luze samarra, hori bai.