Epeleko zabortegiari buruz Bergarako osoko bilkuran

Julen Iriondo 2016ko mai. 31a, 16:48

Gipuzkoako errefusa jaso ahal izateko Epeleko zabortegiari kalifikazioa aldatzeko aukeraren aurrean, Udal Gobernuak ze jarrera hartuko lukeen galdetu zuen EH Bilduk; Irabazik, berriz, Hondakinen Mahaia sortzea eskatu zuen, murrizketan lan egiteko.

Bergarako EAJren zinegotzi eta Mankomunitatearen Ingurumen batzordeko buru ere baden Lander Arregik adierazi zuen Epeleko zabortegiaren kalifikazioa aldatzeko eskari ofizialik ez dela iritsi, baina esan zuen baietz, mezu elektroniko baten bidez aukera hori mahai gainean jarri diola Mankomunitateari GHK-k. EH Bilduk Gobernuari galdetu zion ze jarrera hartuko lukeen Gipuzkoako errefusa Epelera ekartzeko aukeraren aurrean. Lehenago esana duten bezala, jeltzaleek erantzun zuten Gipuzkoak dituen aukera denak aztertu behar direla, eta kontuan hartu beharko dela Debagoienak oso tasa ona duela gaikako bilketan. Epelera Gipuzkoako errefusa ekartzekotan, baldintza batzuekin izan beharko litzatekeela zioen Lander Arregik.

Bestalde, Irabazik Hondakinen Mahaia sortzea eskatu zuen, hondakinen prebentzioan lan egiteko. Alkateak ez du mahai horren beharrik ikusten, nahiz eta helburua ontzat jo.

Honez gain, Gobernuaren botoekin eta EH Bilduren eta Irabaziren abstentzioekin 400.000 euro inguruko kreditu aldaketak onartu zituen udalbatzak. Ander Alberdik azaldu zuen altxortegiko gerakinetik erabilgarri zenbat diru geratu den jakin zain egon direla, bere garaian aurrekontuetatik kendu behar izan zituzten zenbait asmori berriro heltzeko.

Bestalde, atzoko osoko bilkuran udalbatzak aho batez onartu zuen Udalsarea 21 Jasangarritasunerako Euskal Udalerrien Sareko kide izateak dakartzan konpromisoak berrestea, eta baita errefuxiatuen aldeko EH Bilduren mozioa ere, asilo eskatzaileak ez kanporatzea eskatzen zuena, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak