AHTko obra osagarri batzuk adjudikatu ditu Adifek, 10,2 milioiko aurrekontuarekin

Leire Kortabarria 2016ko mai. 30a, 14:16

Ipar-Ipar Ekialdeko korridorean muntaiarako eta materiala biltzeko oinarri bat eta lau bilgune, horietako bat Eskoriatzan, eraikitzeko proiektua adjudikatu du Adifek maiatz bukaeran, 10.207.560 euroko aurrekontuarekin.

Zehazki, Gasteiz-Bilbo-Donostia-muga lerroan egingo dira obrak.

Proiektuaren barruan daude honako hauek: muntaia eta mantenu oinarri bat Gasteizen, trenbide/errepide transferentzia gune bat Jundizko zentro logistikoan eta lau balasto-bilketa gune Gasteiz-Bilbo tramuan zehar, horietako bat Eskoriatzan.

Oinarriak 10 hektarea hartuko ditu eta Arrazua/Ubarrundia-Legutio tramutik gertu ipiniko dute. Horretan, materiala jaso eta tramuan zehar banatuko dute. Balasto-bilguneei dagokienez, Eskoriatzakoaz gain, bana egongo dira Gasteizen, Abadiñon eta Amorebieta-Etxanon.

Obrak Vías y Construcciones enpresari adjudikatu dizkiote eta 12 hilabeteko epea du enpresak haiek egiteko.

Materiala jaso eta banatzeko lekua

Muntaiarako eta bilketarako oinarriak eraikitzen ari den plataformatik eta trenbidetik gertu egiten dira, eta tramu berriak eraikitzeko beharko diren materialak jaso eta banatzen dira haietatik.

Gasteizko oinarrian jasoko dituzten material batzuk Adifek Jundizen duen zentro logistikotik jasoko dira. Jundizko zentroan egokitzapen lan batzuk egingo dituzte.

Beste material batzuk errepidez garraiatuko dituzte oinarri berrira, eta, horretarako, sarbideak egingo dituzte deskarga eta bilketa guneetaraino.

Muntaia oinarriak zazpi bide izango ditu, eta horietako batek AHTrekin lotuko du oinarria. Bulegoak, biltegia, bilguneak (materialaren araberako bilgune desberdinak egingo dituzte) eta aparkalekuak ere izango ditu.

Azpiegitura berri hori Atlantikoko Korridoreko zati bat izango da. Madril-Valladolid-Gasteiz trenbideko zatia da korridore hori eta mugaraino doa. 1.435 mm zabal izango da eta abiadura handiko bi bide izango ditu. Bidaiariak eta merkantziak garraiatzeko erabiliko da.

Bada, plataforma horren 90,2 kilometro eraikiko ditu Adifek; zehazki, Gasteiz eta Bilboren arteko bidea eta Gipuzkoarekiko lotunea Bergaran. Bergara-Astigarraga plataforma Eusko Jaurlaritza eraikitzen ari da kupoarekiko aurrerapenen bidezko finantzazioarekin.

Europatik 487,3 milioi

2014-2020 urte artean Europa Lotu Mekanismoak (CEF) finantzatuko du AHTren obren zati bat; zehazki, 487,3 milioi euro lortuko dira bide horretatik, eta Elorrio-Atxondo, Atxondo-Abadiño eta Bergarako Lotunea, Adif Abiadura Handiaren ardurapean, eta Bergara-Astigarraga, Jaurlaritzaren ardurapean, egingo dira diru horrekin; horrez gain, bidea muntatzeko, elektrifikatzeko eta instalazioak ipintzeko dirua hortik etorriko da Gasteiz-Bilbo-Donostia eta Astigarraga-Irun tramuetan; azkenik, Gasteiz-Dax tramuaren azterketa osagarriak eta nazioarteko zatiaren definizioa ere esandako diruarekin finantzatuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak