EH Bilduk eta Podemosek erraustegiak osasunean dituen kalteen gaineko azterketa batzorde bat eskatu dute

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko mai. 30a, 13:39

Gipuzkoako Batzar Nagusietan eskatu dute hondakin-erraustegi batek pertsonen osasunean eta ingurumenean izan ditzakeen arriskuak eta kalteak ebaluatzeko azterketa-batzorde bat eratzeko bi alderdiek.

Azterketa-batzordearen helburua izango da "ematen dituen ondorioak Gipuzkoako Foru Aldundirako gida izatea, biztanleen osasuna eta ingurumena lehenesten dituen hondakinen kudeaketa-politika diseinatzeko". EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu alderdiek eskaera erregistratu aurretik, joan den asteartean, Rivas Vaciamadrideko “Rivas Aire Limpio” elkarteak eta EOIT mediku taldeak hondakin-erraustegiak pertsonen osasunean dituen arriskuen berri eman zioten lurralde-ganberako Ingurumen Batzordeari.

Rivas Aire Limpio elkarteak "oso datu kezkagarriak" eman zituen Valdemingomezko erraustegiak inguruko biztanleriaren osasunean izan duen eragin larriari buruz, eta Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea (EOIT) mediku-elkarte gipuzkoarrak "kalteoi buruzko txosten xehatua aurkeztu eta erraustegiaren eraikuntza baztertzeko eskatu zuten", arreta-printzipioa aldarrikatuta.

EOIT elkarteak emandako informazioaren arabera, hondakin-erraustegi baten funtzionamenduak ondorio hauek ditu: erbi-ezpain kasuen intzidentzia % 230ean handitzen du; giltzurrun-malformazioak % 55ean handitzen ditu; gibeleko minbiziaren intzidentzia % 29an handitzen du, eta biriketako minbiziarena % 14an; eta, pleurako eta besikulako minbizi-kasuen heriotza-tasak % 84an eta % 24an handitzen ditu, hurrenez hurren.

Datu zientifiko horien ondoriozko kezka dela eta, Xabier Olano (EH Bildu) eta Juantxo Iturria (Podemos-Ahal Dugu) bozeramaileek, Ingurumen Batzordean dagozkien bozeramaileekin batera, hots, Iban Asenjorekin eta Ione Cisnerorekin batera, hurrengo ekaineko osoko bilkuran gai horren gaineko azterketa-batzorde bat eratzeari buruz hitz egiteko eskatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak