Debagoieneko ordezkarien artean Aloña Mendi da hirugarren kanporaketara pasako den ordezkari bakarra. Joanekoan Tolosari 2-1 irabazi zioten, etxean, eta egubakoitzean kanpoan jokatuta ere kadete eta gazte mailako ordezkariek ez zuten hutsik egin. Hala, bi garaipen horiek errepikatuta oñatiarrek aurrera egingo dute txapelketan, eta datorren asteburuan hirugarren kanporaketari egingo diote aurre.
Bergarako ordezkariek, berriz, oso garbi zeukaten Azpeitiakoak Bergaran mendean hartzea oso zaila izango zela, han 3-0 galdu zutelako, eta azpeitiarrek oso pilotari onak dituztelako. Etxean senior mailakoek ezustea eman zuten 22-21 irabazita. Azpeitiako Murgiondo atzelaria ez zen Bergarara etorri, eta hor aldea igarri zen, oso sasoi onean dagoen pilotaria delako. Kontrara, Jon Larrañaga pilotari bergararrak maila polita erakutsi zuen, eta seniorren garaipenarekin, sikiera, zapore onarekin amaitu ahal izan dute: "Oso zail geneukan, bagenekien hori, baina nahiz eta han 3-0 galdu pilotariak ilusio handiz ikusi nituen bueltako partidurako, eta horrek poztu egin gaitu", adierazi du Reyes Azkoitiak.
Arrasatek dena kontran
Arrasate ere kanpoan geratu da. Uarkapen Azkoitiarren kontra oso kanporaketa txukuna jokatu zuten, kadeteek eta seniorrek irabazi egin zuten-eta. Hala ere, oso garbi zeukaten itzulerako partidua, Azkoitian, oso zaila izan behar zela. Eta, arrasatearrei dena irten zitzaien aldrebes egubakoitzean. Jokoan bestetan baino okerrago, materialarekin zorte barik, eta epaileen lanaz ere oso pozik ez, halaxe bueltatu ziren Azkoitiatik. Kadeteek 22-5 irabazi zuten, gazte mailakoek 22-7 galdu zuten, eta seniorrek 22-18 galdu zuten.