4.0 Industriaren eredu gisa ipini du ahaldun nagusiak Danobat kooperatiba

Leire Kortabarria 2016ko mai. 23a, 15:20
Markel Olano eta Ainhoa Aizpuru, Danobat-en egin duten bisitako une baten.

Markel Olano: “Enpresa guztiak, txikiak izanagatik ere, 4.0 Industria-ra egokitu daitezen egingo dugu lan”
Gipuzkoako Foru Aldundiak 3.105.000 euroko aurrekontua bideratuko du lurraldeko enpresetan fabrikazio aurreratua bultzatzera.

Foru Aldundiak martxan jarri duen 50 milioi euroz hornitutako Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan, 4.0 Industriaren garrantzia azpimarratu du diputatu nagusi Markel Olanok Mondragon Korporazioko Danobat enpresan.

Markel Olano diputatu nagusia Ainhoa Aizpuru, Sustapen Ekonomikoko, Landa Garapeneko eta Lurralde Orekako diputatuarekin batera izan da Elgoibarko Danobat enpresa bisitatzen. 4.0 Industrian eredu den enpresa da Danobat, Foru Aldundiaren esanetan, baina 4.0 Industria programa Gipuzkoako enpresa guztietara zabaltzea behar-beharrezkoa dela esan du Olano diputatu nagusiak: “Gogor jardungo dugu lanean enpresa guztiak, txikiak izanagatik ere, 4.0 Industriara batu daitezen. Bidean ez da inor geldituko”, ziurtatu du.

3.105.000 euro enpresa ertain eta txikiendako

Enpresa txikiengan bereziki pentsatuta, 4.0 Industria proiektuaren barruan, Diagnosi Teknologikoa izeneko lan ildoaren gainean arreta berezia jarri du. 250.000 euroko aurrekontua duen lan ildoa da 50 langile baino gutxiago dituzten enpresei dago zuzenduta. Enpresako, 5.000 euro daude aurreikusita eta enpresa bakoitzak industria eredu berri horretara egokitzeko zein behar dituen aztertzeko baliatuko dira diru laguntza hauek. Denetara, 3.105.000 euro bideratuko ditu Aldundiak programa horretara.

4.0 Industria da informazio eta komunikazio teknologiak industrian txertatzea; 4. Industria Iraultza, Olanok azaldu duenez.

Aizpuruk esan duenez, 550.000 euro ipiniko ditu Aldundiak Gipuzkoan “aurreratuen” dauden enpresek euren bitartekoak beste enpresekin konpartitu ditzaten. Aukera emango zaie Lanbide Heziketako ikasleei eta industriako langileei ere Industria 4.0-n trebatu daitezen.

Fabrikazio eoliko aurreratuko zentroa egingo dute

Gainera, beste 1.300.000 euro banatuko ditu Aldundiak enpresek ekipamendu aurreratua eskura dezaten.
Beste hainbat konturen artean, ekoizpen bitartekoak berrien garapena, robotika aurreratua, ziber-segurtasuna edota prozesu eta produktuen trazabilitaterako teknologiak finantzatuko dira. Lerro honetarako Aldundiak 700.000 euro bideratu ditu eta proiektu bakoitza 150.000 euroraino babestuko du.

Eta azkenik, WINDBOX fabrikazio eoliko aurreratuko zentroa ere aurkeztu du Aizpuruk, Aldundia Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean garatzen ari dena. Puntako teknologiarekin sektore eolikoko Gipuzkoako enpresei euren produktuak entseatzeko aukera emango die. Aurten proiektu horretara 300.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak