2017ko Abesbatzen Munduko Sinposiumean izango den Kup Taldeak kontzertu dotorea eman zuen atzo, zapatua, Bergaran. Gabriel Baltes zuzendariak maisuki gidatu zituen kantariak beste behin, horien artean Karlos Etxaniz bergararra; Rakel Murgiondo arrasatearra; eta Amaia Igartua eta Aitor Biain oñatiarrak.
Konposatzaile askoren kantuak eskaini zituzten, besteak beste Josquin Desprez, Roland Lassus eta Giovanni Giorgirenak. "Errenazimenduan hasi eta Barroko arteko kantuak izan ziren, hamasei guztira", jakinarazi du Etxanizek eta gaineratu: "Taldeko kideok gustura geratu ginen emanaldiarekin eta entzuleek ere oso gustura egon zirela adierazi ziguten".
Goi mailako taldea
KUP taldea 2003ko udaberrian hasi zen lanean musikaz gozatu eta ahalik eta kalitaterik handieneko musika eskaintzeko asmoarekin. Gabriel Baltes zuzendaria Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Ikasketen Zentroan abesbatzen zuzendaritza-irakaslea da eta taldeko partaideak, abesbatzen munduan esperientzia handikoak. Hori horrela, zailtasun eta konplexutasun tekniko handia duten maila goreneko obrak interpretatzen dituzte.