Urolaren kontrako neurketa laster jarri zaio alde Mondrari. Bigarren minuturako aurretik zen markagailuan. Ezker hegaletik Iker Uribarrenek egindako barneraldian penaltia ikusi du epaileak –zalantzazkoa izan da–; Markel Gonzalezek egin du gola.
Lehen zatian bikain jokatu du etxeko taldeak, intentsitate handiarekin eta baloiarekin trebe, arriskua sortuz. Beste bi gol ere iritsi dira: hamazazpigarren minutuan dotorea egin du Gorka Erañak, espuelaz; 33.ean Erañak berak erdiratu bikain eta Iker Uribarrenek, atzetik etorrita, buruz sarera.
Arratsalde lasaia izango zela zirudien.
Dena galduta –Urolak ere bazuen bigarren izateko aukera, Mondrari irabazita eta Bergarak egiten zuenaren zain–, atsedenaldiaren ostean gora egin dute horiek; etxekoen intentsitatea ere ez da lehenengo zatian adinakoa izan.
Eta 61. minutuan iritsi da kanpokoen lehen gola, ezker hegaletik egindako jokaldi on batean. Handik gutxira, berriz, gako izan zitekeen jokaldia: Urolakoen jaurtiketa batek Jon Zabaletaren eskuan jo du, baina epaileak ez du ezer adierazi. Kanpokoen minutuak ziren horiek, eta estutasunekoak Mondrarentzat.
Baina urak baretu dira, eta berriz nolabaiteko lasaitasuna iritsi Mojategira. 89. minutura arte. Atzelariek baloia pasatzen utzi eta kornerretik sarera joan da zuzenean. Eta luzapena falta zen; luzapen luzea.
Mondrarentzat zorionez, gol gehiago ez da izan; zoritxarrez, Iker Uribarren egotzi egin du epaileak. Urolako jokalari batekin eztabaida-edo, eta epaileak biak egotzi ditu; gehiegizkoa izan da, Uribarrenek ez du txartel gorririk ikusteko ezer egin, baina ezingo du Sanpedrotarraren aurka jokatu.
Kontuak kontu, azkenean asko sufrituta, baina puntuak etxean geratu dira, eta pozak hartu ditu Mondrako jokalariak eta gaur Mojategiko harmailak bete dituzten zaleak.