Dena den, hasteko, Bergaran oraingo asteburuan ospatuko diren Mendekoste jaietan dantzagarri izango da.
Ikastolen Etxean, Donostian, gaur goizean egin den aurkezpenean, Aritz Alustiza Emon taldeko kidea, Maddi Iñarra bera eta Kilometroak 2016ko eta Ikastolen Elkarteko ordezkariak izan dira: Ekaitz Aranberri Bergarako Kilometroak 2016ko koordinatzailea eta Igor Elortza Ikastolen Elkarteko ordezkaria.
Demasa abestia Spotify eta Itunes plataformen bitartez ere entzun daiteke.
Abestiaren eta bideokliparen grabazioetan hainbat kolaboratzailek hartu dute
Arantxa Manterola, Ikastolen Elkarteko ordezkaria: "Kilometroak 2016ren helburu edo balioak jasotzen ditu"
"Bergarako Emon taldeak egin du Demasa abestia eta Maddi Iñarrak idatzi du abestiaren letra. Hemen daude Emonen izenean Aritz Alustiza eta Maddi Iñarra bera ere bai, biak ere bergararrak eta Aranzadi ikastolako ikasle ohiak.
Bideoklipa, berriz, Andoni Goitiren zuzendaritzapean egin du Kilometroak 2016ko komunikazio batzordeak, Goiena Komunikazio Taldea, Arteman Komunikazioa eta Orpix-en laguntzarekin.
Oso gustura geratu gara emaitzarekin, abesti dantzagarri eta alaia izateaz gainera, Kilometroak 2016ren helburu edo balioak jasotzen dituelako. Besteak beste, herriaren eta herritarren indarra erakusten du, demasekoa dela Bergara eta Aranzadi Ikastolako komunitatea. Bideoklipak ere horixe adierazi edo erakusten du.
Donostiako Elkar eta Mutrikuko AME estudioetan grabatu eta nahastu da abestia, eta masterizazio lanak, berriz, Doctor Master-en egin dira. Apirilean.
Bai abestiak eta baita bideoklipak ere kolaborazio ugari izan ditu. Abestian parte hartu dute: Porrotxek, Sorkun Rubiok, Kometa taldeko Andoni Bonafauk, Beloki pandero jotzaileak, Morok (Bad sound system), Unai Azkaratek, Aranzadi Ikastolako haur talde batek…
Bideoklipean, berriz, Bergarako Camden Town dantza akademiakoek eta bertako arduradun Olmar Elejaldek, Joanes Plazaola dantzariak, Bergarako Erraldoi Taldeak…
Guzti-guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, sekulako lana egin dutelako eta musu-truke kolaboratu dutelako".
Aritz Alustiza, Emon taldeko kidea: "Abesti berean erritmo latinoak, euskal folka eta rapa nahasten dira"
"Kilometroak 2016tik abestia egiteko enkargua jaso genuenean, erronka polit bezala hartu genuen. Erantzukizun handia da, Gipuzkoako ikastolen festa norbere herrian izanda, aukera hori izatea oso polita delako, baina, era berean, gozoki bat bezalakoa ere bai, gure lana ezagutzera emateko aukera ezin hobea delako Kilometroak jaia.
Abestiarekin oso-oso gustura geratu gara, espero baino indar handiagoarekin atera da. Lan gogorra izan den arren, emaitza ikusita pozik egoteko moduan gaude.
Festa girokoa da abestia. Kilometroak bezalako jai baten soinu banda guk horrela ikusten dugu: martxa eta positibismoa! Abesti berean erritmo latinoak, euskal folka eta rapa nahasten dira, bitxia da atera dena! Hau guztia base elektroniko batzuekin eta samplerrekin nahastu dugu.
Demasa hitzak berak indar handia dauka eta musikak eta letrak ere indarra transmititu beharra zeukaten. Horregatik abesti oso bizia egin dugu, intentsitate handikoa.
Luxuzko kolaborazioak izan ditugu, gainera, eta horrek aberastu egin du emaitza".
Maddi Iñarra, letraren egilea: "Adierazi nahi izan dut euskaldunok demasak garela, ikastolak demasak direla"
"Esperientzia berria izan da, nik sekula egin gabeko zerbait. Ez daukat inongo musika ikasketarik eta hasieran ez nekien nondik heldu kantuari. Behin Emonek doinua sortuta, errazago jarri dizkiet letrak notei.
Hasieratik oso ondo ulertu dugu elkar Emonek eta neuk, eta harreman estua izan dugu zalantzak argitzeko. Doinuarekin aurreratutakoan edo nik letra zati berri bat idatzitakoan elkarri erakusten genion eta iritziak elkartrukatu. Elkarlana izan da.
Aurtengo Kilometroak 2016ko jaiaren leloa Demasa denez, adierazi nahi izan dut euskaldunok demasak garela, ikastolak demasak direla. Hizkuntza komunitate minorizatua izanik ere, historikoki gutxiagotasun edo txikitasun sindromea eduki ahal izan dugu. Eta gaur egun ere, badirudi, eszena globalean hizkuntza handiek bakarrik balio dutela. Esan nahi nuen euskaldunok ere, komunitate txikia izanagatik, demasak garela, gure hizkuntza demasa dela, beste edozein hizkuntza bezain baliagarria".
Ekaitz Aranberri, Kilometroak 2016ko koordinatzailea, Aranzadi Ikastolako ordezkaria: "Maiatzaren 20an zuzenean entzun eta ikusteko aukera izango da"
"Abestia eta bideoklipa, hortaz, denentzako ikus eta entzungai dago. Orain lan egingo dugu ahalik eta oihartzun handiena izan dezan eta Demasa abestia, uda honetan, bazter guztietako jai, erromeria, azoka eta besteetan entzun dadin, jai girorako oso aproposa da-eta.
Oraingoz, Bergarako Mendekoste jaien atarian gaudenez –asteburu honetan ospatzen dira Bergarako jai nagusiak, ostiraletik asteartera bitartean–, herriko taberna eta txosnagunean entzun dadila nahiko genuke.
Abestia Spotify, Itunes eta Youtube plataformetan entzungai dago eta www.kilometroak.eus webgunetik deskarga daiteke mp3 formatuan.
Bestalde, esan behar da, jaien ostean, maiatzaren 20an, abestia jendearen aurrean aurkezteko jaialdia antolatu dugula. Orduan entzun eta ikus ahal izango da, Emonek eskainia, zuzenean lehen aldiz Demasa abestia.
Emon taldearen emanaldiaz gain, beste hainbat izango dira jaialdi horretan: musika, magia, txotxongiloak, umorea, bizikleta erakustaldia…
Jaialdia Bergarako Udal pilotalekuan izango da, esandako bezala, maiatzaren 20an, ostiralez, gaueko 22:00etan hasita.
Sarrerak dagoeneko salgai daude sei eurotan eta Bergarako Pikupe produkzioen webgunean edo bulegoan eros daitezke. Sarrerak zenbatuak dira".
DEMASA
Ozen, argi, beldur gabe esan munduari:
nor zaren, zein garen,
euskaraz noraino iritsi ahal den,
gu gara demasak!
Metroz metro egiten
dira kilometroak,
alez ale hondartzak
hitzez hitz hizkuntzak (e)ta
guztion ahaleginez
ikastola demasak!
Ezkutuan ikasten,
ezkutuan aranzaditarrak ernaltzen
euskaraz munduan libre bizitzen
demasak garela, demasak sentitzen
txikiak gara baina xumeak inondik
agresio guztien gainetik zutik
zerbait sortuaz hemendik
kilometroka gora!
Ozen, argi, beldur gabe esan munduari:
nor zaren, zein garen,
euskaraz noraino iritsi ahal den,
gu gara demasak!
Amets zaharrak berrituz
unera egokituz
(e)ta geroa marraztuz.
Haien ametsak gure errealitate
ereindako haziek fruitua dakarte
hautsiko ez den euskararen kate
kilometroz kilometro infinitura arte!
Herria da hizkuntzaren habia
ikastola handi hasi den txoria
euskara mendeetako testigu bizia.
Ozen, argi, beldur gabe esan munduari:
nor zaren, zein garen,
euskaraz noraino iritsi ahal den,
gu gara demasak!
Aranzadi, beldur gabe esan munduari:
nor zaren zein garen,
euskaraz noraino iritsi ahal den,
gu gara demasak!