Agorrosinen, Bergararen eta Amaikak Batek partiduaren atsedenaldirako jakinekoa zen Mondrak Zestoa menderatu zuela (Mikel Aizpurua eta Gorka Eraña izan dira golegileak). Ordurako, baina, mahoneroak 1-0 zeuden aurretik markagailuan Xabier Jorgek sartutako golari esker.
Liga irabazi duen taldeari omenaldia egin ostean, etxeko taldeak gogor hasi du partidua. Baloia menderatuz. Debako taldea ez da intentsitate berarekin zelairatu, eta mahoneroen lehen aukerak atezainaren huts batzuen ondorioz etorri dira. Jorgek areaz kanpoko falta jaurtiketa baten sartu duen golaren ostean, etxeko taldea lasaitu egin da eta partidua kontrolpean izan du.
Bigarren zatian ezer gutxi aldatu da Agorrosinen. Bergara bigarrenaren bila eta Amaikak Bat, nahi eta ezin. Debako jokalari batek bere atean sartutako golarekin bukatu da partidua.
Azken jardunaldia
Mondraren, Bergararen eta Urolaren garaipenen ostean, azken jardunaldian erabakiko da nork bukatzen duen txapelketa bigarren lekuan. Mondrak eta Urolak elkarren kontra jokatuko dute Mojategin. Biek ala biek irabazi behar dute lehia. Hori lortu ezean, Bergarak izango ditu bigarren bukatzeko aukerak, Soraluzeren kontra irabaziko balu.